Elorriotik Amgalara

2012/03/16

Txintxirri ikastolak Sahararen aldeko elkartasun proiektua burutzen ari da Elorrioko Lajwad elkartearekin, instituto publikoarekin eta udalarekin.
2010ean ilusio handiz jaio zen proiektua eta egunetik egunera gorpuzten ari da. Momentu honetan epe ertain eta luzerako helburuak markatuta daude.
Kirol gunea egitea da proiektuaren funtsa. Horretarako, Amgalako alkatearekin zuzenean harremanetan izan dira eta jadanik lortutako baliabideekin gazteak lanean ari dira, eremua hesten eta harriak kentzen. Futbol torneoa? Urte batzuk barru beharbada egiteko aukera izango dute, futbol zelaiaz gain aldagelak egiten direnean.

Hauek dira proiekturako definitu diren helburuak:
a. Tindouf-eko saharauien kanpalekuetan dagoen AMGALA izena duen herriarekin elkarlanean aritu.
b. AMGALAko eskoletara material desberdina helarazi: eskola-materiala, eskolarako oinarrizko hornikuntza…
c. AMGALAko dairan bizi direnen erabilerarako oinarrizko kirol-hornikuntza sortzen eta osatzen joan.
d. Elorrioko ikasleria baloreetan eta elkartasunean hezi.
e. Elorrioko herrian kanpaleku saharauien egoera adierazi eta elkartasun-bidaian herritarrak inplikatu.
f. Sinergiak sortu bai inguruko enpresekin eta baita beste batzuekin ere proiektuaren kolaboratzaile aktiboak izan daitezen.

                                            

Ikasturte honetan buru belarri ibili dira ikasleak zein irakasleak baliabide fisikoak eta ekonomikoak lortzen (kamisetak saltzen, merkadilloa herriko plazan, erakundeei eskaerak…).

Orain, Aste Santuko oporretan bertara joatea tokatzen da eta lortutako guztia bertara eramatea. Eta noski, proiektuaren nondik norakoak “in situ” ikusi eta helburu berriak adostu.
Maletak prestatzen ari dira eta ilusioz gain, eskola materiala, baloiak, kiroletako arropa, “pitxikeriak”… eramango dituzte.
Oraindik maletan lekua dago, beraz, baten batek zerbait balu, ikastolarekin harremanetan jar daiteke elorriokoikastola@gmail.com

“Bidai honetan eurak behar duten gauza asko eramango diegu baina ziur eurengandik asko eta asko ikasi eta jasoko dugula”