Azken berriak

Elkarrekin hezkuntza eraldatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute ikastolek

Posted at 2018-09-26 » By : » Categories : Azken berriak » 0 Comment

Ikastolak elkarrekin ari dira hezkuntza eraldatzen, elkarrekin eta elkarlanean ari dira hezkuntza pardigma berri bat eraikitzen. Hezkuntzako etapa guztietan eta etapaz gaindiko alorretan ari dira eramaten eraldaketa hau, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz. Ikastolen talde izaera azpimarratu dute aurtengo ikasturte hasiera ekitaldian, eta horregatik aukeratu dute ekitaldiaren leloa ere: “Elkarrekin, hezkuntza eraldatzen”. Eta hezkuntza eraldatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, gaur, Atarrabiako Kultur Etxean egin duten 2018-19 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian.

Aretoa beteta zela egin da ekitaldia, Euskal Herri osotik iritsi diren ikastoletako ordezkariekin, eta gonbidatu ugarirekin. Besteak beste han izan dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Maria Solana, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburorde Olatz Garamendi, Atarrabiako eta Burlatako alkateak, eta hezkuntzako, politikako eta euskalgintzako ordezkari ugari (ANEL, Mondragon Unibertsitatea, Krisatu Eskola, LAB, Euskaltzaindia, EH Bildu, EAJ, Geroa Bai, Kontseilua, Euskarabidea, Elkar…)

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk  ikastolen aurtengo erronken eta egitasmoen berri eman du bere hitzaldian. Ekitaldia Atarrabian izanik, Nafarroari buruz adierazi du ikastolen egonkortasuna eta etorkizuna ziurtazea eta antolaketa ereduan, kooperatiba antolaketan, sakontzea izan direla urteetako helburu nagusiak. “Bi xede horiek ez ditugu alboratzeko, baina orain gure eredu pedagogikoa sendotu eta indartu nahi dugu. Eta horretan dihardugu: beste lurraldeetan bezala, Nafarroan ere, hezkuntza eraldaketa aurrera eramaten, curriculum ofizialetik harago joanez, ikastolen artean sareak ehunduz, eta nazioarteko elkarlan pedagogikoa sakonduz”, adierazi du Tellituk.

Hezkuntza Legea

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri bat ere hizpide izan du EHIko lehendakariak, urrian Eusko Legebiltzarra hasiko baita Jaurlaritzak igorritako dokumentua lantzen. Herri izaerari eutsiz, Eusko Jaurlaritzak, Legebiltzarrak eta hezkuntza eragileak elkar hartuta bide egitera deitu du Tellituk, “jakinik lege horrek ez dituela bilduko bakoitzaren helburu eta nahi guztiak, baina, era berean, denok islatzen gaituen lege bat izan behar duela”. Adorez eta ausardiaz jokatzeko eta eztabaidatzeko unea dela azpimarratu du, eta ikastolak prest daudela horretarako.

Ikastolek, dituen gabeziak edukita ere, abiapuntu gisa ikusten dute Legebiltzarrera iritsi den eztabaidarako proposamena, ez helmuga gisa: “Hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean mugarri izan daitekeen Hezkuntza Lege berri baterako bidean urrats bat gisa ikusten dugu”. Izan ere, proposamenean ageri diren zenbait puntu arautzeko (hizkuntz ereduak desagertzea eta murgiltze eredua ezartzea, inklusibitatea, autonomia, ebaluaketa … ) ezinbestekoa da Hezkuntza Lege berri bat. Baita agertzen ez diren puntuak arautzeko ere (sistemaren osaketa, publikotasunaren definizioa, finantzaketa … ).

“Ikastolok nahi eta Hezkuntza Sailak aurreikusi baino mantsoago doa prozesua” esan du, baina udazkenetik aurrera abiada biziago bat hartzeko itxaropena agertu du, “ezinbestekoa baitugu lege berri bat, Hezkuntza Sistema osatzen dugun sare guztiak bilduko dituena, gure ikasleen euskara maila eta beste hizkuntzena ziurtatuko duena, edota inklusioa bermatuko duena segregazioaren mehatxuari aurre egiteko”.

Euskara

Euskararen ezagutza mailaren iazko kanpo ebaluazioaren emaitzak ere hizpide hartu ditu EHIko lehendakariak. Kezka handia agertu du euskararen ezagutza maila jaitsi egin delako ikasleen artean, eta hizkuntza ereduen sistema amaitzeko aldarrikatu du, benetako murgiltze eredu baten alde. Hori egiteko, ezinbestean, Hezkuntza Lege berri bat behar dela azpimarratu du.

Ikastoletan ere ikasleen euskararen ezagutza maila jaitsi egin dela aitortu du Tellituk, baina kanpo faktoreen ondorio izan dela azaldu du. Dena den, urteetan arrakasata handia izan duen ikastolen hizkuntza proiektua gaurkotu beharraz mintzatu da, eta esan du dagoeneko ari direla horretan, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, eta aurten bertan hasiko direla aplikatzen.

Euskarari gagozkiolarik, Ikastolen Elkarteko lehendakariak gogorarazi du “euskal erdian” ez dela ofiziala gure hizkuntza. “Iparralde osoan gabezia hori erabatekoa da. Nafarroan, berriz, non bizi zaren zure hizkuntza eskubideak bermaturik izango dituzu, edo ez”. Aipatu du ste honetan Nafarroako Legebiltzarrean izan direla zonifikazioak izan dituen eragin gogorrak azaltzen, ofizialtasuna lurralde osora hedatu behar dela aldarrikatzen, Euskararen Lege berri bat premiazkoa dugula exijitzen. Nafarroako Gobernuari ausardia eta alderdiei akordioa eskatu die Tellituk, euskara ofizial izan dadin Nafarroa osoan. Urriaren 27an, berriz, Iruñeko karriketan nahi hori, aldarrikapen hori adieraziko dutela gaineratu du. Azaroaren 23tik abenduaren 3a bitarte egingo den Euskaraldia ere aipatu du, eta ikastolak ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ izango direla hitz eman du.

Inklusioa

Joan den ikasturtean hezkuntza alorrean eztabaidagai nagusietako bat izan den eskola segregazioaren gaia ere hizpide izan du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Berretsi du garaiz kanpo matrikulatzen diren ikasleen eskolatzean erabiltzen diren irizpideek eragozten dutela ikastolei dagokien atzerritar jatorriko ikasleen kopuruetara iristea. Arrazoi nagusietako bat  hori dela, Eskolatze Batzordeek (Jaurlaritzaren pean dagoen eta teknikariz osaturik dagoen organoak) matrikulazio arazoak dituzten ikastetxeetara bideratzen dituztela ikasleok. “Batek baino gehiagok oker genbiltzala esan ziguten”, esan du Tellituk, baina erantsi du: “Ba al dakizue zenbat ikasle matrikulatu ziren iazko ikasturtean epez kanpo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan? 4.000 inguru. Eta horietatik zenbat bideratu zituzten ikastoletara? Berrehun bat”.

Horregatik,  azaldu du, Eskolatze Batzordeek ezin dutela jarraitu aipatutako irizpidearekin, alegia, ikastetxe guztiak hartu behar dituztela aintzat, banaketa orekatugoa izan dadin, segregaziorik egon ez dadin. “Eta hezkuntza eragileok ere egon behar dugu Eskolatze Batzordeetan, ez soilik teknikariek”

Gai honi erantzun oso bat emateko berariazko lege bat egin beharrean Hezkuntza Lege berri bat behar dela defenditu du, eta Hezkuntza Sailak asteon esandakoari ongietorria eman dio. Hezkuntza legeari itxaron gabe, ordea, ikastolek urratsak egiteko asmoa dutela adierazi du Tellituk: “Iragan maiatzean eta ekainean eskualdez eskualde bildu ginen, besteak beste, gai hau aztertu eta denon artean proposamenak lantzeko. Udazken honetan plazaratuko dugu  gure proposamena”.

Seaskaren egoera

Ikasturte hasiera hau berezia izan baldin bada, hori Seaskarentzat izan da batez ere. Egoera gazi gozoa bizi dute, ikastolak etenik gabeko hazkundean baitira, baina, era berean, Frantziako Gobernuak jartzen dizkien oztopoei aurre egin beharrean baitira. Seaskako hezkuntza komunitatea borrokan ari da Parisek eman nahi ez dituen irakasle postuak lortzeko (25 aurtengo ikasturtean).  “Metropolitik periferia gobernatzen dabilen kolonialista baten gisan ari da jokatzen Macron presidentea Seaskarekin”, salatu du Koldo Tellituk,  “baina jakin behar du ez duela ikastolen mugimendua itoaraziko”. Eta hau erantsi du: “Sufriarazi gaitzake, une gogorrak igaroarazi ere bai, baina ikastolen mugimenduak tinko eutsiko dio erronkari, eta eutsiko diogu tokiko erakundeen inplikazioa bultzatuz, Euskal Herriko administrazioen konplizitatea eta euskal herritarren sustengua bilatuz, eta, nola ez, ikastolen eta ikastola komunitatearen elkartasun mekanismoen bitartez”.

Iparraldeko ikastolen borroka aspaldikoa da. 2019an Seaskak 50 urte beteko ditu, eta etengabeko borroka izan da mende erdi honetakoa. Borroka horren adierazle den familia bereko hiru belaunaldi igo dira oholtzara: Seaskako lehen andereñoa izan zen Libe Goñi Garate, bere alaba Irati Salaberria Goñi gaur egun Seaskako irakasle dena, eta Lore eta Maiana bilobak ikastolako ikasle direnak. Haiek azpimarratu dute, une gogorrak bizi arren, ikastolak inoiz baino indartsuago daudlela Iparraldean (36 ikastola eta ia 4.000 ikasle), eta tinko eutsio diotela.

 

Facebooktwittergoogle_pluspinterestlinkedinby feather

Comments are closed.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

Cookien erabilera

Erabilera atseginena izan dezazun, web gune honek cookie-ak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartzen dituzu cookie hauek eta gure cookien politika. Informazio gehiago jasotzeko esteka sakatu.

ONARTU
Aviso de cookies