Eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa ikastolan

2016/05/5

Datorren ikasturtean ikastolan Finlandiatik datorren KIVA programa jarriko dugu martxan eskola jazarpenari aurre egiteko. Erronka bikaina!

Ikastolen Elkarteak eta Finlandiako Unibertsitateak hitzarmena izenpetu dute Ikastolen Etxean, datorren ikasturtetik aurrera eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa ikastoletan inplementatzeko. Hain zuzen ere 52 ikastolak hartu dute programa martxan jartzeko erabakia. Ikastolak, gu barne noski, formazio saioak jaso ditugu, urtarrilean lehen saioan eta apirilaren bukaeran bigararrenean, Finlandiatik etorritako bi prestatzailerekin. KIVA programa sakontzen aritu ziren, nondik norakoak jasoz eta lehen urratsak emateko irizpideak barneratuz.

kiva

Finlandiako Unibertsitatearen Turkuko kanpusa da, hain zuzen ere, KIVA programa garatu duena, eta Finlandian nahiz hura inplementatu den Europako beste herrialde batzuetako eskoletan oso eraginkortasun handia erakutsi du eskola jazarpena murrizteko orduan.

Eskola jazarpenari aurre egin nahi diogu ikastolok, horretan eragingarri dela erakutsi duen programa baten bitartez. “Bullying“ari aurre egin behar diogu bai gizarte bezala bai komunitate bezala, eta horretan sakondu nahi dugu KIVAren bitartez, bereziki indarra jarriz prebentzioan. Hori da gakoa eta Lehen Hezkuntzako hastapenetik hasi behar da.

Hurrengo asteetan, berriz, hezitzaile talde bat Finlandiako Unibertsitatera joango da prestakuntza bertan jasotzera. Haiek izango dira, gero, Euskal Herrian beste irakasleak prestatuko dituztenak. Programa Lehen Hezkuntzari begira dago garatua, eta une honetan Finlandian bigarren hezkuntzarako ari dira garatzen KIVAren hurrengo fasea.

Prestakuntzarekin batera, ikasgeletan erabiltzeko materiala, paperezko euskarrikoa zein digitala,  euskaratu beharra dago. Horretan jarriko dira ikastolak lehenbailehen.

kiva3

Eskola jazarpena fenomeno globala izateaz gainera fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin beharko da, taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du. Horregatik indarra jartzen du KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.

Era berean, ordea, biktimari jakinarazi behar zaio, beharra du-eta hori jakiteko, helduen babesa eta laguntza dituela, eta entzun egingo diotela. Eta, noski, erasotzaileari ere aurrez aurre jarri behar zaio bere jokabide onartezina. Alegia, prebentzioarekin batera, esku-hartzea egon behar du. Mahai baten hirugarren hanka gisa, berriz, ekinbide horiei guztiei jarraipena egin behar zaie. Hori planteatzen du KiVak.

Prebentzioa lantzeko ikasmaterial jakin batzuk ekoitzi ditu (testu-liburuak, baliabide digitalak eta webgune bat, besteak beste) programa garatu duen Turkuko Unibertsitateak. Material horren bitartez, gelan lantzen dira hainbat balio, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea, bultzatzen da.

kiva2

Eskola jazarpena detektatzeko baliabideak ere jartzen ditu KiVak irakasleen esku, ikasleek bullying kasuak modu anonimoan salatzeko aukera barne, eta eskola jazarpen kasuetan esku-hartzeko “KiVa taldea” deritzona osatzea proposatzen du.  Hiru irakaslez osatutako taldea litzateke KiVa taldea; eta talde horretan zuzendaria edota arduradun pedagogikoa inplikatzea oso garrantzitsutzat jotzen du.

Talde berezi horiez gain, irakasle eta langile guztiak programan engaiatzea bilatzen du KiVak. Gurasoak ere bai, haientzako egindako eskuliburuen bitartez. Horrela, KiVak eskola komunitate osoa inplikatzen du eskola jazarpenaren aurkako programan. Eskola komunitate osoa inplikatuz, eskola jazarpenarekiko sentikorrago egiten dira denak, bai ikasle, bai irakasle eta langile eta baita gurasoak ere. Horrek eskola jazarpen kasu asko eragozteaz gainera, prebentzioa asko lantzen baita, gertatuz gero, haiek azkarrago detektatzea errazten du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere.

kiva1