Hezkuntza Proiektua

IKASTOLAREN BERARIAZKO IZAERA.

“ Ikastolaren xede nagusia pertsonak bizitzarako heztea da. Ikasleek dituzten berezko baliabideak aktibatzea – pertsonalak eta sozialak – euren potentzialitateak garatzeko eta, ondorioz, zoriontsuak eta zuzenak izateko probabilitatea handitzeko”.

ZER GARA?

Elorrion herri ekimenaren bidez sortutako irabazi-asmorik gabeko hezkuntzarako guraso-kooperatiba bat gara, euskalduna, anitza eta berritzailea, non, langileen etengabeko prestakuntzaren bitartez eta baliabideen kudeaketa eragingarria erabiliz, pertsonak osotasunean bizitzarako hezten ditugu.

ZER IZAN NAHI DUGU?

Elorrioko Txintxirri Ikastolak kalitatezko hezkuntza euskalduna eta berritzailea eskaintzen duen eta herrian ondo errotutako hezkuntzarako guraso-kooperatiba irekia izan nahi du, baliabideen kudeaketa eraginkorrarekin, gizartea, ingurumena eta familiaz konprometituta dagoena, eta pertsonak ardatz gisa izanik, ikasleak bere osotasunean hezi nahi dituena.

ZERTAN SINISTEN DUGU?

– Pentsamendu kritiko, komprometitua eta berezkoa.

– Bezeroei zuzenduta.

– Euskal kultura bizi eta gizarteratzen duena.

– Elkarlana.

– Aniztasuna. Ikastola eredu inklusiboa.

– Ingurumenarekin konprometituak.

– Etengabeko kalitatearekin konprometituak.

– Berritzaile, sortzaile eta ekintzaileak.

– Ikastola lagunkidea.

 

A. Ikastolek hezkuntza-sarea eratua dute, ikastolen titularren antolakuntza alegia, beren proiektu komuna garatzeko, ikastola bakoitzari bere berariazko proiektua garatzen laguntzeko, ikastolak talde edo kolektibo gisa ordezkatzeko eta hezkuntza euskalduna ikastolen esparrutik harago eragiteko.

B. Ikastolen taldeak edo kolektiboak Euskal Herriarekin, Euskararen Herrialdearekin, identifikatzen du bere jarduera-esparrua eta hizkuntza-komunitate orok bere kultura-ondarea muga administratiboetatik harago transmititu ahal izateko irakaskuntza antolatzeko duen eskubidearen arabera jarduten du.

C. Ikastolen taldea edo kolektiboa, lankidetzaren bidez kudeatutako antolakuntza da eta bere berariazko joko-arauak ditu, ikastola bakoitzeko hezkuntza-komunitateak bultzatutako elkarketa eta ekimen bidezko kultura baten fruitu dena, hezkuntza-proiektu komunarekin konprometituta dauden kolektiboko profesionalek bermatu eta bultzatua.

D. Ikastolen kolektiboa, duen izaera herritarra dela bide, subjektu eraginkor eta lankide da Euskal Herriaren garapenean eta bere berariazko hezkuntza-sistemarenean, Euskararen garapenean eta bere kulturarenean, beste gizarte-, hezkuntza- eta kultura-eragile batzuekin batera dihardu eta bere lehentasunezko egitarauak, Euskal Curriculumaren definizioa eta aplikazioa, Euskal Eskola eta Euskal Unibertsitatea dira. Horretarako, euskal hezkuntza-sistemaren kontzeptu berri bat garatzen ari da, gaur egungo administrazio-zatiketetatik eta botere publikoen mendekotasunezko eredu publikoetatik harago doana eta gaurko estatuen eredu publiko administraziozaleekiko aukera berri bat eskaintzen duena.

E. Ikastolen taldeak edo kolektiboak, oinarrizko curriculum komuna partekatzen du eta, curriculum horrek, bere hezkuntza-ereduari eta euskal curriculum espezifikoari dagozkion edukiak islatzen dituzten adostutako lerro nagusiak ditu bere baitan

F. Ikastolen hezkuntza-sareak, bere berariazko zerbitzu kolektiboen multzoa du.

F.1. Ikastolen arteko komunikazio estu eta sendoarekin antolatuta dago sarea eta horrek ematen ditu ezagutzera testuinguru zehatz bakoitzean sortzen diren beharrizanak eta eskatutako zerbitzu kolektibo gisa identifikatu, planifikatu, garatu eta inplementatzen direnak, gero beren emaitzen berri emanez.

F.2. Zerbitzu horiek ikastolek onetsi eta ebaluatuak izaten dira adostutako gobernu-organoen bidez egindako partaidetza eragilearen bitartez, izan ere, organo horietan esku hartzen baitute ikastolek hautatutako ordezkariek eta izendatutako eginkizunen betekizunak ebaluatuak izaten dira.

F.3 Beren irispenaren arabera, zerbitzu kolektiboak ikastoletara bakarrik bideratuko dira edota hezkuntza euskalduna eragiteko ikastoletatik harago doan hedapena izateko burutuko dira.

F.4 Zerbitzu kolektiboen ikerkuntza-, garapen-, berrikuntzaeta kudeaketa-lanak, beren konpetentziari, ikastolen izaera, misio eta ikuspegi komunekiko nahiz erabakitako planak betetzeko eta gobernu-organoekin elkarlana egiteko duten konpromisoa gehitzen dioten profesionalen bitartez egiten dira.