KiVa ikastola

Mundu mailan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena da KiVa, Finlandiako Turku-ko Unibertsitateak garatutakoa. Helburua, noski, ez da jazarpenak murriztea, baizik eta bakar bat gehiago ere ez gertatzea. Bisitatu KiVa programaren webgunea: hemen  

Eskola jazarpen kasu bakoitzean erasotzaile bat eta biktima bat daude, baina,  baita ikusle eta lekuko ugari ere. Izan ere, eskola jazarpenaren helburua, jazarriarekiko nagusitasuna adierazteaz gainera, taldeko nagusitasuna lortzea ere bai baita, taldeko errekonozimendu soziala lortzea, alegia. Hori erakusten dute datuek: gehiago dira erasotzailearen alde jartzen direnak (%27, laguntzaileak ere batuta) biktimaren alde jartzen direnak baino (%17).

Fenomeno globala izateaz gainera, beraz, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada eskola jazarpena. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin beharko da, taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du. Horregatik indarra jartzen du KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.

Era berean, ordea, biktimari jakinarazi behar zaio, beharra du-eta hori jakiteko, helduen babesa eta laguntza dituela, eta entzun egingo diotela. Eta, noski, erasotzaileari ere aurrez aurre jarri behar zaio bere jokabide onartezina. Alegia, prebentzioarekin batera, esku-hartzea egon behar du. Mahai baten hirugarren hanka gisa, berriz, ekinbide horiei guztiei jarraipena egin behar zaie. Hori planteatzen du KiVak.


Ikasle zein gurasoentzat helbidea: kiva@elorriokoikastola.eus


Prebentzioa lantzeko material honen bidez hainbat balio lantzen dira eta horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea, bultzatzen da.

Eskola jazarpena detektatzeko baliabideak ere jartzen ditu KiVak irakasleen esku, ikasleek bullying kasuak modu anonimoan salatzeko aukera barne, eta eskola jazarpen kasuetan esku-hartzeko “KiVa taldea” deritzona osatzea proposatzen du. Gutxienez, hiru irakaslez osatutako taldea litzateke KiVa taldea; eta talde horretan zuzendaria edota arduradun pedagogikoa inplikatzea oso garrantzitsutzat jotzen du.

Talde berezi horiez gain, irakasle eta langile guztiak programan engaiatzea bilatzen du KiVak. Gurasoak ere bai, haientzako egindako eskuliburuen bitartez. Horrela, KiVak eskola komunitate osoa inplikatzen du eskola jazarpenaren aurkako programan. Eskola komunitate osoa inplikatuz, eskola jazarpenarekiko sentikorrago egiten dira denak, bai ikasle, bai irakasle eta langile eta baita gurasoak ere. Horrek eskola jazarpen kasu asko eragozteaz gainera, prebentzioa asko lantzen baita, gertatuz gero, haiek azkarrago detektatzea errazten du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere.


Ikastolan ongietorria eman genion 2017ko urtarrilaren hasieran KiVa programari eta harrez gero ikasleak geletan programa lantzen ari dira. Ikasleen ongizatean urratsak ematen!

KiVarako ikastolak egindako abestiaren letra irakur ezazu hemen.

Elkarri lagunduz dena da posible!