Elkartasun ikastolak

30/11/2019

Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiak 840.000 euroko laguntzak onartu ditu, laguntza behar duten hamar ikastolaren artean banatzeko.

Elorrioko Txintxirri Ikastola…….Elkartasun ikastola!

111 ikastolak; 4.500 irakaslek, 500 langile ez irakaslek, 57.000tik gora ikaslek eta parte hartze zuzena duten haien gurasoek osatzen dugu Ikastolen Elkartea. Hezkuntza proiektu sendo bat gara, Euskal Herri osoan hedatua dagoen hezkuntza erakunde bakarra. Ikastola bakoitzak taldea indartzen du, eta taldeak ikastola bakoitza indartzen.

Bi europar kooperatibatan batzen gara. Ikastolen Elkartea eta Elkartasun Ikastolak. Ikastola guztiak gara bazkide. Lehenak elkarlana irudikatzen badu, bigarrenak, izenean bertan dioen bezala, elkartasuna du ardatz.

Ikastola bakoitzak dituen ikasle kopuruaren arabera urtero egindako ekarpenetik elikatzen da Elkartasun Kutxa, eta urtero banatzen da diru hori premia handiena duten ikastolen artean, ekarpen edo mailegu gisa. Azken urteotan, urtero 800.000 euro inguru banatu dira.

Elkartasun horri esker, aurrera aterako dituzte euren proiektuak, eta orain jaso dutena biderkatuta itzuliko dute ikastola hauek, beren proiektu eraldatzailearen bitartez heziko dituztelako ikasleak, euskaratik eta euskaraz.

Ikastolon elkartasuna bidelagun!