Mende erdi beteko du Txintxirri Ikastolak 2018an

2017/12/14

“50 urte bidea zabaltzen” izango da urtemugaren leloa.
Hilero ekintzak antolatu dira bost hilabetean zehar, urtarriletik maiatzera.
Ikastolako kide, ikasle, irakasle, ikasle-ohi, irakasle-ohi guztiak batu eta 50 urteak elkarrekin ospatzea nahi da.


Txintxirri Ikastolaren mende erdiren urtemuga aurkeztu da “50 urte bidea zabaltzen” leloarekin. Mende erdi honetan ikastolaren ibilbidea gogoratu eta goraipatzeaz gain, ikastolako kide izandakoak eta direnak batzea dugu helburu.

    Ikastolan bost hamarkadatan zehar ikasle izandako bost lagunen artean egin dute aurkezpena, bat hamarkada bakoitzean jaiotakoa. Beraiek azaldu dute nola hasi zen ikastola lehenengo pausoak egiten, nola izan den eta den gure ikastola aitzindari euskarazko irakaskuntzan eta pedagogian, nola eman dion laguntza beti Elorrioko
    herriak eta familiek eta nola gainditu izan diren hamarkada guzti hauetan zehar sortutako oztopo eta arazoak, beti ere kalitatezko hezkuntza euskalduna helburu.

    Ospakizunen programaren berri emateaz gain, aurkezleek urteurrenerako logo berria ere aurkeztu dute. Irudietan 50 bat ikus dezakegu. Ikastolaren logoaren ideia hartuta eta leloarekin bat eginik. Eraikuntza, kuboekin, haurrek beraiek bere oraina eta bere etorkizuna garatu eta sortu dezaketelako.

    Urtarrilaren 12tik maiatzaren 12ra
    Urtarrilaren 11n hasita, maiatzera arte ekintza pila antolatu ditu Ikastolak. Urtarrilaren 12an, duela 50 urte ireki zituen Txintxirri Ikastolak ateak. Egun horren bezpera aukeratu dugu ekitaldia egiteko Arriolan. Horrez gain, beste hainbat ekintza egongo dira maiatzera bitarte: argazki erakustaldia, bertso afaria, mendi irteera, 50.urteurreneko abestiaren aurkezpena eta bukaera jaialdia, besteak beste.
    Ikastolako zuzendariak eskerrak eman dizkie Ikastolaren izenean kanpaina honetan laguntzaile diren Elorrioko Udalari, Eroskiri eta Betsaide, SAL lantegiari.

    Merchandising
    50. urtemuga aitzaki hartuta sudadera eta kamisetak atera dituzte. Sudaderak 50 baten diseinua daukate. Kamisetak berriz, Ikastolako koloreak argazki zaharrekin nahastutakoak dira. Honez gero salgai daude ikastolan eta datozen hilabeteetako ekitaldi guztietan aukera egongo da horiek erosteko.