DBH
DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA
Bizitzako egoerei aurre egiten dien pertsona konpetentea hezteko, ikastolak ikaslea bizitzako egoera konplexu eta esanguratsuei irtenbideak bilatzen jartzen du. Ondoren, aurretik dakienaz gain, ezagutza berriak eskuratzen ditu eta horietan trebatu. Eta azkenik, ikasi eta menperatu duen hori guztia modu integratuan mobilizatu, egoerari irtenbidea emateko.
Helburua da pertsonok daukagun arrazoitzeko gaitasuna garatzea. Inguratzen gaituen munduaren aurrean, gure ikasleak pentsamendu kritikoa lantzea nahi dugu, hausnartzeko eta galdetzeko beharra sortzea. Edozein duela helburua, argi eta garbi adierazteko gai izango den ikaslea lantzen dugu, idatziz zein ahoz.
EKI PROIEKTU BERRITZAILEA
Euskal Curriculumaren garapenerako jaio den lehen ikasmateriala da EKI proiektua, eta aldi berean, curriculum horrek agintzen duen moduan, konpetentzietan oinarritutako eredua du oinarri, Integrazioaren pedagogia bultzatzen duelarik.
Proiektuak hezkuntza osoa eta integrala bideratzea du helburu nagusia eta, hori lortzeko, hainbat ezaugarri ditu. Laburbilduz, konpetentzien garapena du ardatz nagusia eta hori egoerei aurre eginez lortzen da. Denok dakigu konpetentzia eta ekintzailetasuna oso lotuta daudela, hau da, bizitzako egoera desberdinei eraginkortasunez erantzuteko aurrez eskuratutako ezagutzak egoki hautatzen eta erabiltzen ditugun neurrian bilakatzen gara gero eta konpetenteago.
Bizitzan gertatzen den bezalaxe, ikastolako jardunean ere ikasleak bereganatutako ezagutzak egoerei aurre egiteko baliatzen dituen neurrian garatzen ditu konpetentzia orokorrak (pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, norbera izaten, elkarrekin bizitzen eta egiten eta ekiten ikasi) eta arlo bakoitzeko konpetentzia espezifikoak. Hori guztia behar bezala gauzatzeko hainbat eskakizun bete behar dira, besteak beste, ikaslea ikaskuntza-prozesuaren protagonista nagusia izatea, ikaslearen jarduna aktiboa izatea eta, nola ez, ikaskuntza-irakaskuntzarako hautu metodologiko egokia egitea. Hori guztia lotzen du EKI proiektuak.