hel horri!

2019/06/9

2020ko maiatzaren 31n ospatuko dugu Ibilaldia eta familia zein lagunekin euskaraz ospatzeko eguna izatea nahiko genuke, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz.


Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaia da. 1978an antolatu zen lehenengoz Uribe Kostan eta 1980. urteaz geroztik urtero egin izan da. 2020koa 41. edizioa izango da, beraz. Urteak joan eta urteak etorri, Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi die: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea.

Edizio bakoitzean ikastola desberdin batek antolatzen duen jaia da Ibilaldia eta oraingo honetan, Elorrioko Txintxirri ikastolari egokitu zaio. Datorren maiatzean hirugarren aldiz ospatuko da Ibilaldia Elorrion, aurretik ere 1999 eta 2006an egin zen eta.


IBILALDIA 2020ren HELBURUAK

Ikastolak Ibilaldia honetan bere 50 urteko ibilbidean izan duen konpromisoa berresten du: lanean jarraituko du “arduraz hezi, nortasunez hazi” ohiko leloari jarraituta.

Ibilaldiaren helburu nagusiak, honako hauek dira:

  • Elorrioko Txintxirri Ikastolaren hezkuntza eredua herriratzea, ezagutzera ematea.
    • Ikasketa prozesuko protagonista nagusia, ikaslea
    • Pedagogia aktiboa.
    • Ebaluazio hezigarria
    • Adin desberdinen arteko harremanak
    • Familiekin elkarlana
  • Erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea.
  • Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako bioeraikin berria.
    XVII. mendeko Txintxirri jauregiko espazioen berrantolaketa.
  • Herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea.

IBILALDIA 2020ren ZEHAR LERROAK.

Euskara

Euskararen sustapena bultzatzea.

Parekidetasuna/hezkidetza

Sexu eta generoari lotutako rolak gainditzea.

Jasangarritasuna

Antolatzen ditugun ekintza guztietan jasangarritasunaren ikuspuntua izatea.

Parte hartzea

Ibilaldia prozesu parte hartzaile izatea ikastolako eta herriko eragile guztien artekoa.

Inklusioa

Berdintasun-ezberdintasuna bultzatzea,  behar desberdinetako pertsonentzako Ibilaldia diseinatuz, hau da, denontzako Ibilaldia garatu.

LOGOA ETA LELOA

Logoa eta leloa sortzeko lan saio bat egin genuen udaberrian ikastolako familiekin. Haurrak eta gurasoak arratsalde eguzkitsu batean jolastokiko lorategian elkartu genituen eta ia bi orduz ikastolarekin lotutako kontzeptu eta ideia ezberdinei buruzko marrazki, hitz eta esaldiak lantzen aritu ziren.

Lan saio horretan lortutako irudi eta esaldiak guraso eta irakasleek osatutako lantalde batean aztertu, aukeratu eta findu ostean, behin-betiko irudi eta hitzak lortu ditugu, Hel Horri! leloa eta hiru elorri zuhaixka direlarik azken emaitza.

Gauza jakina da Elorrio herriak elorriari zor diola izena, antzina oso ugaria omen zelako landare hori inguruan. Horrela ba, leloa eta irudia lantzerakoan abiapuntu hori hartu dugu, izenak eta izanak duten lotura oinarri hartuta. Gurean ere, beste herri guztietan bezala, ikastola herritik sortu zen, herriak sortu zuen eta, orain ere, herriarekin eta herrirako egiten dugu lan, orain dela 50 urteko ilusio eta gogo berarekin.

Esan bezala, beraz, Elorrio eta elorria abiapuntu moduan hartuta, Hel Horri! Leloa sortu dugu. Hitz jokoaren begi bistako esanahi eta loturetatik haratago, euskaraz “hel horri!” edo “heldu horri” esamoldea erabiltzen da zerbaiti ekin edo bide bat hartzeko orduan, indarrez eta gogoz egiten denean bereziki.

Eta zeri heltzen diogu Ikastolan? Euskara eta Euskal Herriari, elkartasunari, berdintasunari, kalitatezko hezkuntza berritzaileari, auzolanari, biharko euskal herritar prestatu eta kritikoak sortzeari… Zerrenda luzea da, gure historiako 51 urteetan lantzen eta sakontzen joan garen balore, egitasmo eta helburuekin osatutakoa.

Logoari dagokionez, hau ere ikastolako umeek egindako ehunka marrazkietatik atera dugu. Irudi xume eta alaia da, hiru elorri erakusten dituena elkarren ondoan. Natura, ingurumena, elkartasuna eta alaitasuna adierazten ditu, Ikastolaren eta gure herriaren adierazgarri ezinhobeak.  


Baina, Ibilaldia ez da jaialdi soil bat, urte osoan zehar garatuz doan proiektua baizik. Era honetan, urte osoan arituko gara elkarlanean, jarritako helburuak bete nahian.

www.ibilaldia.eus