HH

Orain arteko ildoari jarraituz, Elorrioko Txintxirri ikastolak aurrera pauso handi bat eman du Haur Hezkuntzarako (0-6) Pedagogia aktiboa garatuz. Espazioak eta materialak pedagogiara moldatu ditugu. Aldaketa hauek haurrari esploraziorako, manipulaziorako eta jolaserako aukera berriak eta aberatsagoak eskainiko dizkio era natural eta orekatu batean.

Aldaketa esanguratsuak egin dira. Alde batetik, haur hezkuntzako lehen ziklorako eraikin berria egin da. Bioeraikuntza egin da, material naturalez. Haur hezkuntzako bigarren zikloko gelen espazioak zabaldu dira, interkomunikazioan oinarritutako hezkuntzari bidea emanez.

Haur hezkuntzako metodologiaren oinarriak

Haurra da bere heziketa prozesuaren protagonista, beraz, bere aurre-ezagupenetatik abiatuko da, experimentazio nahiz jolasaren bidez, eta era berean besteekin erlazionatuz bere burua eta mundua ezagutzen joateko, hau da, aurrera egin ahal izateko.

Honetarako Ikastolak espazio eta baliabide egokiak eta aberatsak eskainiko dizkio haurrari (materiale naturalez eginiko jolasak, espazio irekiak… ) banakako mugimendua eta mugimendu askea baimenduz, eta elkar harremana sustatzeko aukera eta adinen arteko interkomunikazioa eskeiniz. Beti ere haurraren erritmoa errespetatuz eta ziurtasun afektibo bat bermatuz garatu ahal izateko.

Haurraren berezko gaitasunengan uste osoa dugunez, haur bakoitzaren autonomia eta ahalmenak sustatzeko helburutik abiatuko gara, gure xedea, bere aurkikuntza, saiakera ezberdinak, garapena eta ikaste prozesuan bidelagun izatea izanik.

“Haurrak zerbait egiteko prest egonez gero egingo dute. Beraz prest daudenean, egin, egin behar dute”.Emmi Pikler

 

Bioeraikina

Eraikin berria diseinatzerakoan oinarrizko premisa gure haurrei eremu guztietan ingurugiro goxoa eta osasungarria bermatzea izan da. Honez gain, Ikastola tokiko Agenda 21ean murgilduta egonik, eraikuntza arloan hasieratik gure apustua BIOERAIKUNTZA izan da.

Bio eraikuntzaren filosofia oso sakona da hitz gutxitan azaltzeko, baina guk gutxieneko printzipio (oinarri) batzuk ardatz hartu ditugu:

– Eraikuntza eta intsonorizazio material naturalak eta aizundugabekoak erabiltzea, material ez toxikoak eta erradiaktibitate gutxikoak.

– Barne ingurunea zaintzea, giroko ura absorbitzen duten materialak erabiliz, isolamendu eta bero metaketaren proportzio orekatua mantenduz eta barruko airearen kalitatea bermatuz.

– Lehenestea barne espazioen dimentsio, proportzio eta forma harmoniatsuak.

– Lurpeko perturbazio naturalik eta artifizialik ez egotea.

– Argiztapen eta koloreetan baldintza naturalak errespetatzea.

Informazio gehiago Oreka arkitektura estudioko web gunean: http://www.oreka.com.es/bioeraikuntzaren-25-arauak