Hizkuntza proiektua

Ikastolaren Hizkuntza Proiektuaren helburua euskaran eta euskalduntasunean ardazten den ikasle eleanitza garatzea da. Hartara, Hizkuntza Proiektua ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdiak biltzen dituen eta haien trataerari koherentzia ematen dion egitasmoa da. Egitasmo integrala da, eta Ikastolaren eremu guztietan — ikaskuntza-irakaskuntzan, eskola-komunitatearen harremanetan, eta Ikastola txertatuta dagoen gizarte hurbilekiko harremanetan– eragiten du.

Bertako hizkuntza propioa (euskara) eta kontaktuko hizkuntzaz gain (gure kasuan, gaztelania), atzerriko hizkuntzan (ingelesa) ere nahikotasun maila lortzea nahi dugu.

Hizkuntza gaitasun hau lortzeko gure ikasleak ikastolan sartzean euskarazko giroan murgilduko dira. 4 urterekin ingelesarekin harremanetan hasiko dira eta Lehen Hezkuntzan berriz, gaztelerazko irakasgaia izango dute. DBH 3-4n, (14-16urte), irakasgai bat ingeles hutsean ikasiko dute.

Elorrioko Txintxirri Ikastolako DBH amaierarako hizkuntzen lorpen-mailak:

Euskara B2

Gaztelania B2

Ingelesa B1

 

Ikastolen-Hizkuntz-Proiektua

Proiektu honen bidez, ikastolok marko orokor bat garatu dugu ikastolako hizkuntza bakoitzaren inguruan sortutako proiektuak uztartzeko, hizkuntzaren irakaskuntzan erabilitako ikuspegi eta metodologia guztiak bateratzeko, hizkuntzaren erabilera instrumentalaren eraginkortasuna curriculum osoan hobetzeko, eta hizkuntzaren irakaskuntzaren eta hizkuntza gutxituaren gizarte-sustapenaren arteko lotura egokiak sortzeko bideak irekitzeko.