Herritik eta herriarentzat

2014/02/9

KOLDO TELLITU

IKASTOLEN ELKARTEKO LEHENDAKARIA

Migel Muñoak Donostian lehen ikastola ireki zuela ehun urte beteko dira aurten. Mendeurren garrantzitsua euskarazko irakaskuntzan eta ikastolen munduan. Urte asko igaro dira, eten mingarriak tarteko. Gaur egungo ikastolen hazia izan zen duela ehun urteko hura, baina egungo ikastolen ernamuinak 60.eko hamarkadan aurkitu behar ditugu. Aurtengo ikasturtearen hasierako ekitaldian, mende erdia betea duten ikastola aitzindari horiek omendu genituen. Merezitako omenaldia, haietatik baikatoz, eta haiek hasitako bidea urratuz iritsi garelako garena izatera: Euskal Herri osoan errotuta gauden 106 ikastolak, 4.500 irakaslek, 500 profesionalek, 51.365 ikaslek eta parte hartze zuzena duten haien gurasoek osatzen dugu ikastolen komunitatea.

Herritik eta herriarentzat sortu ginen, helburu nagusi batekin: euskara diglosiara eta euskal kultura onenean ere folklorismora eramanak zituzten hezkuntza sistema espainiar nahiz frantziarraren aurrean, kalitatezko hezkuntza eskaintzea euskaraz eta euskal kultura bultzatuz. Urte hauetan hori izan da gure ekarpen nagusia.

Ia hutsetik abiatuta, baina konpromisoz, auzolanez, elkartasunez eta elkarlanez lortu genuen pedagogiarik aurrerakoi eta aurreratuena garatzea, berariaz sortutako ikasmaterialez, eta, aldioro, munduan garatzen ari ziren aurrerapenei so eginez eta gureganatuz. Hori dena, irakasle, ikasle eta gurasoen arteko kohesio handiari esker.

Gure izateari lotuta dauden ezaugarri horiei esker gara garen bezalakoak. Eta uneoro ezaugarri horiek lantzen, indartzen eta sendotzen ari gara, etorkizuneko erronkei aurrea hartu eta behar bezala erantzuteko.

Eta ibilian gabiltza. Batetik, ikastola bakoitzaren barne kohesioa indartzen, eta premiei erantzuten eta baliabideak garatzen. Era berean, ikastolen arteko sarea indartzen, erakunde osoa ehuntzen. Europar kooperatiba gara dagoeneko, eta Elkartasun Ikastolak europar kooperatiba ere sortu dugu, gure elkartasun kutxaren kudeaketarako. Erakundetze prozesu honek indartu egin gaitu, eta gure arteko harremanak estutu egin ditu.

Bestalde, ez gara geldi egon hezkuntza erronkei erantzuteko orduan. XX. mendean euskara eta euskal kultura sendotzea izan ziren gure erronkak. Mende berri honen hastapenean, euskal curriculuma garatzea eta ezartzea da gure apustu sendoa. Eta, horrekin batera, hezkuntza paradigma aldaketa daukagu. Ikasturte honetan hasi dugu, EKI proiektuaren bitartez.

Euskal curriculuma ardatz izanik, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza eredua jarri dugu martxan, integrazioaren pedagogiaren bidez. Ikasle euskaldun eleaniztunak nahi ditugu, Informazio eta Komunikazio Teknologietan trebatuak. Ikasle buru-askeak izatea dugu helburu, beren burua eta ingurua ezagutzeko eta bizitzan zehar izango dituzten erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko tresnak eta baliabideak emanez.

Hezkuntza paradigma aldatzeak lanketa ikaragarria dakar. Ikastolen Etxeko talde profesionalak izugarrizko esfortzua egin du. Baina konbentzimendu osoz egindako lana izan da, eta emaitzak ere halakoak ari dira izaten. Espero genuen. Esku artean genituen iazko ikasturtean proba pilotuak egin ziren ikastoletako emaitzak. Aurten, ikastola guztietan martxan ari dela, iazko emaitzak berresten ari gara. Aldaketak oso harrera ona izan du.

Hezkuntza paradigma aldaketak, noski, prestakuntza egokia behar du irakasleentzat ere. Eta joan den ikasturtetik, ehunka irakasle murgilduta daude hezkuntzan urteetan izan den aldaketarik handienerako trebatze lanetan. Lehendik ere oso garrantzitsua zen prestakuntza; orain gakoa da. Hezkuntza eredu sistema berria urterik urte joango gara ezarriz, eta lehen urteok markatuko dute bidea. Beraz, irakasleen prestakuntza alorra ezinbestekoa izango dugu.

Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez esan dezakegu garai berrietara egokitzen ere aitzindari garela. Euskal Herrian bezala, atzerrian ere interes handia piztu dugu, eta gure eredua azaltzen aritu gara hainbat herritan, eta hainbat herritatik etorri zaizkigu gure eredua ezagutzera. Iragan asteazkenean, esaterako, Gironako Unibertsitateko Pedagogia fakultateko ordezkaritza batek bisita egin digu Ikastolen Etxera. Asteazken honetan, berriz, Japoniako Hezkuntza Ministerioko ordezkaritza bat hartuko dugu.

Gai hauetan sakonago mintza gintezkeen, gauza gehiago esan ere egin genezakeen. Baina ez da dena guk azaltzea. Egunotan, milaka familia euren haurrak lehen aldiz matrikulatzen ari zarete. Lerroon bidez, beraz, ikastola bizitzera animatu nahi zaituztegu, gure eredua ezagutzera, zuek ere ikastola izatera. Horregatik, duela ehun urte esaten hasi ginen bezala, orain ere, zatoz ikastolara!