Urte sasoiak

2014/03/5

http://urtesasoiak.com/

Antzinatik gaur egunera arte dirauten Euskal Herriko usadio eta ospakizun garrantzitsuenen bilduma osatzen duen Urte-Sasoiak egitasmoa webgune bilakatu dute Ikastolen Elkarteak eta Labayru Ikastegiak.

Urteko sasoi nagusiei lotutako ospakizun eta ohituren inguruan, euskal herrietan gorderik dagoen altxorra egokitu eta plazaratzeak eta lekuan lekuko ondarea jasotzeak duten garrantziak bultzatuta, Ikastolen Elkarteak eta Labayru Ikastegiak 1997-2000 urteetan kaleratu zuten Urte-Sasoiak egitasmoa. Urte bakoitzean urteko sasoi bati buruzko lana argitaratu zen. Orduan sortutako materialak hiru euskarritan argitaratu ziren: bideo, audio eta liburu formatuetan.

Oraingo honetan, berriz, lan hori webgune bilakatu da. Eduki horiek sarean ipini dituzte, guztien ikusgarri. Bertan erakusten dira orduan argitaratu ziren testuak, argazkiak, audioak eta bideoak. Lehenagokoekin batera, hainbat argazki berri gehitu dira webgunerako.

urtesasoiak

Egitasmoak jatorrian helburu didaktikoa izan bazuen ere, edozeinek erabiltzeko modukoa da: etxean, eskolan, unibertsitatean… Euskal kultura ezagutzeko jakin-mina daukan guztiarentzat da egokia. Egitasmo berritu honek, aurreko osagai guztiez gainera, aukera gehiago eskaintzen ditu: euskarri guztiak uztartuta daude eta aldi berean erabil daitezke gaika aukeratuta; aurkibidea agerian dago, eta bertatik jo daiteke kantu, azalpen eta bideoetara, nahi den gaiaren berri izateko; lau hizkuntzatan garatuta dago (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa); sarean dagoenez munduko edozein bazterretatik kontsulta daiteke