Aurten ere 6.mailako ikasleak Sukarrietan egon dira, martxoaren 24tik 27ra hain zuzen ere. Bertan Lurra proiektua landu dute, beraz, nekazaritza eta abeltzaintza hurbil-hurbiletik bizitzeko aukera paregabea izan dute.
Gaur egun, hemen eta munduan, lurzoruaren erabilerak (eraikuntzak egiteko, azpiegiturak…) lur emankorraren galeran eragin zuzena dauka eta lur emankor hori elikagaien ekoizpenerako beharrezkoa da.
XX. mendean zehar herrialde aberastuen nekazariek aldaketa bortitzak bultzatu zituzten produktibitatearen izenean: pestizidak, ongarri kimikoak, erregaien erabilera eta abar zabalduz. Sistema intentsibo honek gure bizimodua “erraztu” badu ere, bere ondorio kaltegarriak geroz eta argiago ikusten dira: lur degradatuak, ur kutsatuak, bioaniztasunaren galera, gure osasunerako sustantzi kaltegarriak dituzten elikagaiak…
Horretarako Lurra lan proiektuan nekazari-ustiapen era ezberdinak eta euren ondorioak ingurumenean, osasun arloan eta herrien garapenean aztertzen dira, kontsumo ohitura arduratsuak pizteko eta ingurumena eta nekazaritza ekologikoarekiko konpromisoa sustatzeko asmoz.