Zorionak Ibaizabal Ikastola!

2014/05/17


20140517_130102

 

Gaur Ibaizabal Ikastolak bere eraikin berriaren inaugurazio ekitaldia egin du eta Txintxirri ikastola beste ikastola bazkideekin batera bertan izan da.
Duela hamabost urte hasi zen proiektua, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondorengo ikasketak euskaraz emateko helburuarekin eta lan esparrua euskalduntzeko asmoarekin. Hasiera gogor horien ondoren, gaur egun Ibaizabal proiektu sendoa da, 250 ikasleekin batxilergoan, Lanbide Heziketako HH moduluarekin eta lanbideko hainbat formazio ikastaroekin.

Abiapuntua Elorrion egindako Ibilaldian topatu dezakegu, 1999an, “Loran gagoz” leloarekin eta proiektuari bultzada emateko asmoarekin. Bost ikastolen arteko elkarlana izan da oinarri eta ikastolen beste proiektu guztiak bezalaxe, sare sendoa. Arazo ugari gainditu behar izan dira bidean baina gaur egun Ibaizabaleko zuendaria den Idurre Maortuak gaurko ekitaldian esan duen bezalaxe, gure euskalduntasunetik hezkuntza ulertzeko gure  modua da hau.

Hasierako proiektu horretan sinistu eta bultzatu zuten guztiei eskerrak eman behar dizkiegu, ametsa zena egun sendotuta dagoen proiektua baita. Bide horretan Elorrioko Txintxirri ikastola bertan izan da, R.M  Azkue, Andra Mari, Zubi Zahar eta Kurutziaga ikastolekin batera. Horregatik, harro gaude egindako lanagatik eta orain arte bezala, lanean jarraituko dugu ikastolon hezkuntza proiektu bakarra, integrala, aberatsa eta sendoa garatzeko bai Elorrion bai Durangaldean bai Euskal Herri osoan.

Zorionak Ibaizabal bene-benetan!

image