Miguel Muñoak Donostian Euskal Ikastetxea ireki zuela mendeurrena bete dela hizpide hartuz, ikastolen iragana, oraina eta geroari buruzko erreportajea landu du Orio Produkzioak ekoiztetxeak ETBrentzat. Larunbat honetan, irailaren 27an, 22:00etan, emango dute ETB1en.
Hemen duzue erreportaje horren aurrerapena (klikatu irudian):
Hauxe da Orio Produzkzioak etxeak erreportajeari buruz bidali duen oharra.
100 urtez ikasgelan euskaraz
100 urte bete dira, 1914ean, Miguel Muñoa euskaltzaleak lehen ikastola martxan jarri zuenetik. Gutxitan izaten ditu euskarak halako ospakizun eztiak gozatzeko aukera. Izan ere, gora-beherez eta oztopoz betetako 100 urte izan dira hauek. Nolakoak izan ziren hastapen haiek? Zein zen ikastolen lehen harria ipini zuten haien asmoa? Nolakoak ziren orduko andereñoak? Zaila da garai hura irudikatzea. Horregatik, urte haien peskizan aritu gara, orduko giroa ezagutzeko asmoz.
Hau ez da, ordea, iraganari buruzko azterketa bat eta gaur egungo errealitateari ere erreparatuko diogu. Nola egin dute ikastolek gaur egungo gizartearen beharrizanei erantzuteko? Zein ibilbide egin dute? Zertan aldatu dira? Galdera asko dira, eta erantzunak, askotan, harrigarriak direla ikusiko dugu.
Hau guztia kontatzeko, kontakizun kronologikoa baztertu eta asignaturen bidezko kontakizuna hobetsi dugu. Asignatura bakoitzean, eta Kike Amonarriz aurkezlearen laguntzarekin, ikastolak alor horretan eginiko eboluzioa aztertuko dugu; hasi pedagogiatik, pasa plastikatik eta geografiaraino. Asignaturaz asignatura, 100 urteotako laburpena ikusiko dugu. Horretarako hamaika gonbidatuen laguntza izango dugu: Maria Angeles Garai Bilboko lehen andereñoa ezagutuko dugu, edota Felix Goldarazena Tafallan ikastola irekitzeko ekimena izan zuen gizon euskaltzalea. Ezin ahaztuko ditugu ikastoletatik pasatako hainbat ikasle ezagun ere, besteak beste, Mikel Urdangarin edota Ines Osinaga, biak ere kantariak. Koldo Telllitu ikastolen elkarteko lehendakariarekin eta Paskal Indo Seaskako lehendakariarekin egongo gara, eta besteak beste, Ikastolarik berriena eta txikiena ezaugutuko dugu.
Programa berezi hau larunbatean, hilak 27, eskainiko da gaueko 22:00ak aldera