Dakizun bezala, Ziburuko Kaskarotenea ikastola une larriak bizitzen ari da, bertako auzapezak egungo egoitzatik egozteko asmoa duelako eta beste lekuren batean kokatzeko zailtasunak baino jartzen ez diolako. Irailaren erdialdera arteko epea zuen Kaskaroteneak egoitza uzteko, eta handik aurrera eguneko ehun euroko isuna ezarriko ziotela abisu eman zion. Duela zenbait egun, uxerra joan da ikasatolara egunotan pilatutako isunak, 4.300 euro, ordaintzeko exijitzera. Gainera, auzapezak mehatxu egin du bi asteko oporraldi hauen itzuleran argindarra moztuko diola ikastolari. Atxik dezagun Ziburuko ikastola bizirik!
Ziburuko ikastolak, Seaskak eta EHIk iragan astean emandako prentsaurrean, azaroaren 8rako manifestaziora deitu zuten. Manifestazio hori ahalik eta jendetsuena izatea da helburua, eta auzapezari erakustea Ziburuko ikastola ez dagoela bakarrik, Euskal Herriko ikastola guztiak dituela atzean eta alboan, eta Ziburuko ikastolako guraso eta irakasleek bezala, Euskal Herriko ikastoletako guraso eta irakasleek ere ikastolak Ziburun jarraitzea nahi dutela. (Informazio gehiago)
Horri begira, eta Zuzendarien Mintegia aprobetxatuz, agerraldi jendetsua egin nahi da ostiral honetan Durangon. Ikastola guztietakoak ez badira ere, ikastola gehienetako ordezkariak bildu nahi ditugu, zuzendari zein artezkaritzetako kideak. Durangoko ikasleak ere bertaratuko dira, ikastolen komunitate osoa ordezkaturik egoteko.
Agerraldia Plateruena kafe antzokian izango da, Landako gunearen alboan, goizeko 11etan. Prentsaurrekoaren ostean, familia argazkia aterako da Landako guneko plazan.