Ikastola Saharan, shukran!

2015/12/18

Abenduaren 5etik 12ra Amgala proiektua Tindufeko kanpalekuetan izan da. 16 kide joan gara Elorriotik eta horietatik ikastolako 9 ikasle eta hiru irakasle. Bidai luzea izan zen baina oso goxoa, helburu guztiak bete ditugu eta.

Bertan, 90 familiei ur depositoak banatu dizkiegu. Oso pozik hartu dituzte eta argazkietan ikus dezakezuenez euren esker ona irribarre handiekin adierazi digute. Gero, ortuak bisitatu ditugu. Uholdeen ondorioz horietako asko kaltetuak izan dira baina baten bat oraindik oso ondo mantentzen da, emankor. Tomate ederrak ikusi ditugu.

Azkenik, Lajwad museoa inauguratu dugu Amgalan. Museo bat aurrera eramateko laguntza eskatu ziguten eta jadanik martxan dago. Euren kultura eta folkloreko tresnak dituzte bertan erakusgai. Egun polita pasatu genuen dairako emakumeekin.

Hauez gain, 8 de marzo eskola bisitatu genuen eta arratsalde batean bertako gazteekin egoteko aukera izan zuten ikasleek, gazteen arteko topaketak. Adin berdinekoak izanda ohiturak, egoera….hain desberdinak ulertzeko eta horien inguruan berba egiteko tartea izan zuten. Gustura aritu ziren eta ondorioak ziur atera dituztela.

Gure maleta handietan eramandako material guztia banatu dugu: Ibilaldiko kamisetak, janaria, medikamentuak eta eskola materiala. Denak arduradunei eman dizkiegu, beharren arabera egoki ikusten duten erara banaketa egin dezaten. Eskerrik asko laguntza eskaini diguzuen guztioi!

Bi gauzatxu azpimarratu eta goraipatu nahi ditugu. Alde batetik, dairako emakumeen eskutik jasotako esker ona. Museoaren inaugurazioan jaia antolatu ziguten eta arduradunek benetan eskertu zuten gure lana. Bestetik, Frente Polisarioko EHko ordezkariak bere etxean jaia antolatu zigun joan izana eskertzeko. Nazioarteko egoera nahasi honetan, gure erabakiarekin aurrera egitea oso ondo baloratu zuten eta ikasleen bai jarrera bai laguntzeko grina azpimarratu zituzten. Momentu hunkigarria izan zen eta malko bat edo beste jauzi zen. Ikastolako izena zeramatzaten pastelak jan genituen eta opariekin bueltatu gara ikastolara. Shukran!

Esperientzia bikaina izan da, Ikastolak elkartasunaren alde egindako apostuaren fruituak. Horrelako ekimenak aurrera eramatea denon erronka da eta oso harro egon behar dugu egindakoagatik.

Bidaia bukatu da bai, baina proiektuak aurrera jarraitzen du. Orain karabanako janari bilketarekin hasi gara. Oraindik ikastolan materiala dugu eta berau prestatu eta karabanarekin bidaliko dugu guztia. Denon artean egingo dugu. Urtarrilean ikasleek Lekeitioko R.M de Azkue ikastolan aurkeztuko dute proiektua, helburuak, ekintzak eta bidaian  bizi izandakoak azalduko dituzte. Gero…..gerokoak!

Bukatzeko aipatu ikastolak bere bideari orain arte bezala jarraituko duela proiektuak denon artean eraikiz. Bide onetik goaz, ziur gaude! Denon esku dago orain egindako lan guzti hau lau haizetara zabaltzea.