18. urtez jarraian, Ikastolen Elkarteak bere literatur hauteskundeak antolatu ditu, eta nola ez, Txintxirri ikastolakook bertan parte hartu dugu. Euskal Herriko Ikastoletako LIBURUEN boto-kopurua 17.142 izan da!!!
Kontaketa egin ondoren hauek dira adinez adin gure ikasleentzat liburu erakargarri, dibertigarri eta atseginenak.
Zerrenda hau irakurzaletasuna pizteko eta beraientzat liburu interesgarriak zeintzuk diren jakiteko informazio iturri ezin hobea da.
Baina aurten ere Juul kanpaina borobiltzeko hainbat eta hainbat ekintza egin ditugu ikastolan ikasturtean zehar: laburpen tentagarriak, etxetik ekarritako liburuekin sortutako liburutegi txikiak, irakurritako gustuko liburuen portadekin sortutako suge koloretsu eta motibagarriak, liburu ibiltariak, liburutegira irteerak, zuhaitz literarioak, liburu sekretua,…
Non kokatzen dugu ekimen hau? 1967. urtetik, apirilaren 2an, Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaiotegunean hain zuzen, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, haur eta gazte liburu onak bultzatzeko, eta gazteenen artean irakurzaletasuna sustatzeko.
Euskal Herriko ikastolok, egun honetan ezezik, urte osoan antolatzen ditugu jarduera eta ekintza ezberdinak haurren irakur zaletasuna bultzatzeko. Ikastoletan antolatzen diren jardueren bilduma da, hain zuzen ere, Juul kanpaina.
Apirilean plazan egon ziren ikasleak irakurzaletasuna lau haizetara zabaltzeko asmoz. Bertan hainbat ekintza egin zituzten, hala nola, HH-koentzat ipuin kontalariak kontu-kontari. Irakurlagun proiektuaren bigarren saioa egin zen, bertan, ikasleek ipuinak elkarri kontatu eta entzunez aritu ziren. LH4ko neska-mutilek ipuinak kontatzen dizkiete eta LH1koek entzun. Era berean, LH6koak LH3koekin eta LH5koak LH2koekin. Bukatzeko, txapak egin zituzten irakurketa gaia abiapuntua izanik. Artistak ez zaizkigu falta!
Informazio gehiago nahi izanez gero: www.nafarroakoikastolak.net/juul.asp