Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak

2018/02/21

25 urte, 25 jardunaldi, bata bestearen atzetik hutsik egin gabe. Ikastolen beharretik abiatu eta hezkuntza komunitate zabalari, herriari ekarpena eginez.

Ikastolen jardunaldi pedagogikoak erreferentzia bat izan dira euskal gizartean eta horretarako begiratu besterik ez dago egindako ibilbideari. Puri-purian dauden gaiak, punta puntako hizlariak, ikastolen parte hartze zuzena, euskara ardatz eta beti ere hobetzeko ikuspegia galdu gabe. Eta ibilbide hori jarri nahi da balorean aurtengo urtean, 25 urte ez baitira urtero betetzen. Hogeita bost bider loratu diren jardunaldiak.

 

25 lore hezkuntza eraldatzeko, IKASTOLAK 25 URTE HEZKUNTZA LORALDATZEN.

Eta ezin atzera begira bakarrik geratu. Nondik gatozen ahaztu gabe, hankak non ditugun beti garbi izanda baina etorkizunari begira. Aurtengo jardunaldiak ere halaxe datoz. Etorkizunari begira jarrita, ETORKIZUNEKO IRAKASLEARI BEGIRA jarrita.

Hobekuntza eta berrikuntza denok ditugu ahotan eta aurtengo jardunaldien abiapuntua hortik dator, aurreko urtekoari jarraiki. Aurreko urteko jardunaldiek, eraldaketa ikastolan eta espazioetan ekarri bazuten, aurtengoek gelako jardunean jarriko dute eta zehazki irakaslearen jardunean.

Horretarako, bi egun, bi goiz izango ditugu eta etorkizuneko irakaslearen aspektu ezberdinak landuko ditugu.

Martxoaren 2an, Angels Domingo eta Federico Malpica-ren eskutik gelako jarduna nola hobetu aztertuko dugu. “Práctica Reflexiva” oinarri hartuta irakasleak ikastolako iparrari begira jarri eta beraien eguneroko jarduna zentzu horretan bideratzen lagunduko zaie.

Tresna ezberdinak eskainiko dira. Lan jardunaldi bat izango da, tailer moduan, ekintzan ikasten delako.

Martxoaren 9an, hiru lekutan jarriko da fokoa. Prestakuntzan, norbera izatean eta etorkizuneko profesionaletan.

Francesc Imbernonek irakasle izatearen eztabaida jarriko digu ahotan eta zein ofizio polita den azaldu. Eraldaketa honetan duen garrantzia ere azpimarratuko digu, irakasleria eta kolaborazioa uztartuz. Aritz Anasagastik, berriz, hezkuntza emozionala ekarriko digu. Dena ez delako arrazoia. Irakaslearen alderdi profesionalari alderdi pertsonala gehituko dio. Eta azkenik, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatetik beraien etorkizuneko profesionalaren profila ekarriko digute Arantza Ozaetak eta Begoña Pedrosak.

Matrikulatzeko, hemen

Egitaraua

MARTXOAK 2. OSTIRALA ORONA IDEO

ARETO NAGUSIA eta GELAK TALDE LANERAKO

09:30 – 09:45 HARRERA Dokumentazio banaketa

09:45 – 10:15 JARDUNALDIEN HASIERA EKITALDIA

10:15 – 11:45 TAILERRA: “HAUSNARKETA NATURALETIK GOGOETA SISTEMATIKORA” Angels Domingo Federico Malpica

11:45 – 12:15 ATSEDENALDIA. Kafea

12:15 – 13:15 TALDE LANA

13:15 – 14:15 BATERA JARTZEA

14:15 – 14:30 ONDORIOAK eta AMAIERA

 

MARTXOAK 9. ORONA IDEO

ARETO NAGUSIA

09:30 – 09:45 HARRERA.Dokumentazio banaketa

09:45 – 10:45 “HEZKUNTZA EMOZIONALA, PERTSONAREN GARAPENAREN GILTZARRI” Aritz Anasagasti

10:45 – 12:00 “IRAKASTEAREN EGITEKO ZAIL BAINA ATSEGINA. IRAKASLERIA ETA KOLABORAZIOA, ALDAKETAREN PROTAGONISTAK” Francesc Imbernon

12:00 – 12:30 ATSEDENALDIA. Kafea

12:30 – 13:30 “ETORKIZUNA (ER)ALDATZEN: NOLAKO IRAKASLEAK NAHI DITUGU?” Arantza Ozaeta eta Begoña Pedrosa HUHEZI (Mondragon Unibertsitatea)

13:30 – 13:45 ONDORIOAK eta AMAIERA