20/21 ikasturtea

2020/06/28

Datorren ikasturterako hainbat aldaketa egin beharko ditugu ikastolaren egunerokoan, pandemia egoerari aurre egiteko.

Ikasturte berriari hasiera emateko, hartu beharreko irizpide nagusiak zehazten ari gara eta datozen asteetan informazio gehiago izango dugu. Begi-bistakoa da, bestalde, udan zehar osasun egoera aldatzen joan daitekeela (hobera edo txarrera) eta horrek ere aldaketak ekarri ditzake hartu beharreko neurriei begira.

Edozein kasutan, une honetan ikastola guztiok hiru egoera edo eszenatokitarako prestatzen ari gara, ikasturtean zehar batetik bestera aldatzeko prest egon behar garelarik. Egunotan bizi dugun “normaltasun berri” egoera honetatik hasita, bitarteko itxialdi partzial batetara igarotzeko aukera egon daiteke, non ikasle batzuk (txikienak eta arlo akademikoan premia handiena duten nagusietako batzuk) ikastolara etortzen jarraituko luketen eta beste batzuk (maila gorenetakoek) etxetik jarraituko luketen ikasturtea, egun/ordu zehatz batzuetan ikastolara etortzeko aukerarekin. Aurreikusten den hirugarren eszenatokia itxialdi osoarena izango litzateke, aurten bizi izan dugunaren antzerakoa.

Eszenatoki bakoitzerako zehaztasun eta neurri guztiak (osasun arlokoak, antolakuntzakoak eta pedagogiko-akademikoak) ikasturtea hasi aurretik helaraziko dizkizuegu, baina badira batzuk honezkero zehaztuta daudenak. Hona hemen:

  • Maila guztietako ikasleak txandaka eta ate ezberdinetatik sartuko dira ikastolara (aurrerago zehaztuko dizuegu). Sarreran desinfekzio neurriak (eskuetarako eta oinetakoentzako gela eta desinfektantea) erabili beharko dira.
  • Sintomaren bat duten umeak ezin izango dira ikastolara etorri eta, bertan sintomak antzemanez gero, berehala bidaliko ditugu etxera. Gogora ezazue pandemiari aurre egiteko denok zorrotz bete behar ditugula arauak eta egunero etxean seme-alaben osasun egoeraren jarraipen estua egin behar dela.
  • Gela bakoitza isolatuta egongo da. Gela ezberdinetako umeak ez dira nahastuko beraien artean. Hainbat gelatako ikasleek erabiltzen dituzten gelak (laborategia, plastika gela, ingelera gela…) ez dira modu partekatuan erabiliko.
  • DBHko ikasleek egunero jardunaldi trinkoa (goizekoa) izango dute. 8:50-14:50 bitartean izango dituzte klaseak eta bazkalostean ikaslagun ordua (aukerazkoa) egongo da egunero, 15:30-16:30 bitartean.
  • Jantokian orain arte bi edo hiru txanda egin izan ditugu, egunaren arabera. Datorren ikasturtean, berriz, lau txanda egingo ditugu, 12:15ean hasita eta 15:30era bitartean.

Txandak hobeto antolatu ahal izateko ezinbestekoa zaigu albait arinen jakitea zenbat ikaslek erabiliko duten jantokiko zerbitzua. Horrela ba, zuen seme-alabak jantokian geratzekoak badira, bete ezazue galdetegi hau ekainaren 29rako, mesedez.