Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka

2020/10/25

Urriaren 24tik azaroaren 12ra bitarte izango da ERRIGORAren aurtengo Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina.

www.errigora.eus

Urriaren 24tik azaroaren 12ra izango da Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren 2020ko edizioa. Iaz bezala, produktu bikainez osatutako 3 saski dituzu aukeran eta, auzolanari esker, hauen balioaren %25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara bideratuko da.

Baina aurten, elkartasuna biderkatu nahi dugu. Pandemiak eragindako nahas-mahasa dela eta, ikastolen jaialdiak eta Sortzenen jaia ezin izan dira egin eta Korrikarik ez dugu izango datorren udaberrian. Egoera honen aurrean ardura hartu nahi izan dugu eta, beraz, saski bakoitzeko 5 euroko ekarpen gehigarria eskatuko dizugu. Saski beltza eskatzekotan, 55€ ordainduko dituzu, trukean, saskiaz gain, Korrikaren katilua jasotzeko eta AEKri diru hori zuzenean bideratzeko, Korrika ez egiteak eragingo dion diru-galera arintzen laguntzeko. Saski berdea eskatzekotan, 65€ ordainduko dituzu, eta saskiaz gain, Seaskaren egutegia jasoko duzu eta Seaskari diru hori zuzenean bideratuko zaio, Herri Urrats ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko. Saski zuria eskatzekotan, 75€ ordainduko duzu, saskiaz gain, D ereduaren haziak jasotzeko eta Sortzeni diru hori zuzenean bideratzeko, urteroko jaia ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko.

19. Korrikaren mezuan Lorea Agirrek zioen bezala, “auzia ez da izan ala ez izan. No-lako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea.Egiten duguna gara“. Errigoraren oinarrian dago ekiteko asmo hori. Abiapuntutik, gure ekintzen jabe egiteko bide bat eskaini nahi izan dugu. Auzi guztietan, hala euskararenean nola elikadura-burujabetzarenean, komunitatearen osaketan edo herrigintzaren jardunean, izan beharko lukeena egiten saiatu gara. Nafarroa hegoalde eta erdialdearentzat txanda eskatu beharrean, periferia erdigunean jarri dugu. Euskararentzako nahi genukeena eskatzetik harago, nahi duguna ekartzeko saiakera egin dugu. Elikadura-burujabetzarako bide definitiboa marraztu ordez, geure bidezidorrak zabaldu ditugu. Arduraren aurrean eskuak garbitu beharrean, auzolanean zikindu ditugu.

Euskara plazan nahi baduzu kanpaina honetan parte hartzeko gonbita egiten dizugu. Sinplea da: izan dadin nahi genukeena guk geuk egin behar dugu. «Egiten duguna gara», lelo hutsa baino gehiago da; dei bat da. Saskiak eskatuta, ekintza txiki batekin helburu handien bila etortzeko proposamena.