Urte osoa lanean egon ondoren, gaurkoan Ibilaldia 2020ari agurra eman diogu. Ikasturte osoa ibili gara lanean gure babesle, laguntzaile eta hornitzaileekin. Urtebete ikastolako familia eta lagunekin guztia prestatzen eta kultura arloko dozenaka eragilerekin ikuskizunak lotzen. Ohiko egoeran, maiatzak 31 egun handia izan behar zen gurean, milaka euskaltzale Elorrion bilduta. Egoera, bestelakoa izan da, eta ezin izan genuen maiatzean urtero lez antolatu eguna. Gizarteari zor diogun erantzuna emateko, data berria jarri genuen, urriaren 18an.  Arduraz eta erantzukizunez jokatu dugu beti, baldintza seguruetan nahi dugun Ibilaldia egiteko, sormena landuz eta elkarlanean

Urriaren 18a heldu da, eta ilusioarekin ekin diogu agur ekitaldiari. Ulertuko duzuen moduan, ez da erreza egoera honetan hau bezalako ekitaldi bat egitea, baina ezin genuen besterik gabe Ibilaldiaren urte hau joaten utzi. Gaurkoan ez dugu ohiko protokolorik jarraitu, egoera honetan ezinezkoa delako, eta gonbidatu kopurua ere murriztu behar izan dugu. Hala ere, gurekin izan dira, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Koldo Tellitu, Josune Bañales, Ibilaldia Elkarteko lehendakaria eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea. 

Gauza jakina da Ibilaldia egun osoko jaia izaten dela, baina jende askoren urte osoko lana izaten du atzetik. Iaztik hona ikastolako langile, guraso eta ikasle-ohi mordoa ibili da jo eta su Ibilaldia aurrera ateratzeko: batzarrak, ekitaldiak, jantziak saltzeko azoka eta irteerak… ordu piloa auzolanean ilusio eta gogo guztiarekin. Talde ezberdinetan banatuta ibili dira lanean hasieratik: jantzien lantaldea, azpiegiturak, ibilbidea eta trafikoa, osasuna, tonbola, komunikazioa, publizitatea eta kultura. Eskerrik asko denoi!

Ezin ahaztu, bestalde, Ibilaldiaren erakunde eta enpresa babesle guztiak. Asko dira eta ezin banan-bana denen izenak aipatu, baina, Elorrioko Txintxirri Ikastolaren eta Ibilaldiaren izenean, eskerrik asko guzti-guztiei.

Gaur ez dugu ohiko ibilbiderik egin, baina bide luzea egin du Ibilaldi honek iaztik hona. Hemen labur-labur:

  • Logoa eta leloa aukeratzeko lansaioa ume eta gurasoekin. Hor erein genituen gure hiru elorrien haziak.
  • Erroa eta Geroa dokumentala. 
  • El Hoyo filmaren zuzendariarekin solasaldia.
  • Bertso afari ederra Unai Iturriaga  eta Alaia Martinekin.
  • Abestia eta bideoklipa
  • Maiatzak 31rako, online ekitaldi partehartzailea.
  • Gora Kasete umeentzako ikuskizuna. 
  • Izaki Gardenak taldearen musika emanaldia.
  • Euskara erronka, liburu ibiltaria. Iazko abendutik Bizkaiko ikastola guztietan zehar osatuz doan liburua, abenduaren 3an, euskararen egunean aurkeztuko dena.

Gaurkoan berriz,  ikastolako gazteek hasiera eman diote ekitaldiari bertsoekin eta Ibilaldiko kantaren dantzaldiarekin. Euskara eta euskal kulturaren transmisioa da gure bidea. Ondoren, Imanol Ituiño magoak, bizitzan magia apur bat ere behar dugulako, ikuskizun bikaina eskaini digu.  Bukatzeko, Xabier Aburruzagaren eskutik musika eta dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute bertaratutako guztiek. 

Gaurkoan, aldiz, ez da erabateko agurra izan. Izan ere, dakizuen moduan, Ibilaldia bezala, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urrats jaialdiak ere bertan behera gelditu dira aurtengoan. Euskal Herriko Ikastola guztiak herritik eta herrirako sortu zirela gogoan izanda, Ikastolak Herriari izenarekin jaialdi guztiok bat egin dugu eta guztion artean ikuskizun handi bat antolatu dugu.  Azaroaren 13an izango da, barikua, Donostiako kursaalean. Datorren astetik aurrera sarrerak eskuratzeko aukera izango da primerako kantaldi eta dantzaldiak gozatu ahal izateko Euskal Herri osoko ikastolen aldeko ikuskizun horretan.

Ibilaldiak, Bizkaiko ikastola guztien jaiak oztopoak oztopo aurrera egin du eta egingo du. Denon artean gure ibilbidea eraikitzen jarraituko dugu. Guzti hau posible egin, egiten eta egingo duzuen guztioi, gure eskerrik beroenak. #helhorri