Hau guztia kontutan izanda, norbanakoaren ongizatetik abiatuz, harreman parekide eta aberasgarriak sortzeko gunea izan nahi du ikastolak: bizi izandakoaz elkarrekin hausnartuz, sentimenduei lekua eta hitza emanez, elkarrekin pentsatuz, ikasiz, sortuz eta eraldatuz.
Laugarren ikasturtea da KiVa proiektua martxan jarri genuenetik ikastolan. KiVa, bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programa berritzailea da, jazarpenari eta haren mekanismoei buruzko punta-puntako ikerketak baliatuz garatu dena.
KiVa programak hiru helburu nagusi ditu: prebentzioa, esku hartzea eta jarraipena.
Modu sistematikoan, gelan jazarpenaren ezaugarriak ezagutu eta hauen lanketa egiten dugu, hausnarketatik ekintzara salto eginez, norbanakoaren hitzak eta jarrerek taldean duten garrantzia azpimarratuz, taldean eraginez.
Baina ez dago jazarpena errotik desagerraraziko duen prebentzio-ahaleginik, beraz, jazarpen-kasu bat ezagutzera ematen denean, erabili ahal izango ditugun tresnak eman dizkigu KiVa programak. Eta azkenik, ikastolako harreman egoeren eta denborarekin gertatzen diren aldaketen etengabeko jarraipena egiten laguntzen digu KiVak.
Etengabeko eraldaketan gure ikasleak protagonista izan daitezen nahi dugu. Protagonista osasuntsu eta eraikitzaileak. Hau lortzeko ezinbestekoa da alderdi emozionala zaintzea, adimen emozionala heztea. Eta honetan lanean jarraituko dugu ikastolan.
SENTITU, PENTSATU, EGIN!