KiVa ikastola: sentitu, pentsatu, egin!

2020/10/12

Sasoi korapilatsua bizi dugu azken hilabeotan. Zuzen zuzenean harremanetan eragin duen garai honetan, inoiz baino arreta gehiago jarri behar diogu harremanei eta elkarbizitzari. Egun batetik bestera etxean geratu behar izan genuen, harreman pertsonaletatik harreman birtualera salto eginez. Oporrak etorri ziren ondoren.  Azken finean, sei hilabeteren ondoren berriz elkartu gara ikastolan, pozik eta gogotsu. Baina… nolako eragina izan du guzti honek norbanakoarengan eta taldearengan?

Hau guztia kontutan izanda, norbanakoaren ongizatetik abiatuz, harreman parekide eta aberasgarriak sortzeko gunea izan nahi du ikastolak: bizi izandakoaz elkarrekin hausnartuz, sentimenduei lekua eta hitza emanez, elkarrekin pentsatuz, ikasiz, sortuz eta eraldatuz.

Laugarren ikasturtea da KiVa proiektua martxan jarri genuenetik ikastolan. KiVa,  bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programa berritzailea da, jazarpenari eta haren mekanismoei buruzko punta-puntako ikerketak baliatuz garatu dena. 

KiVa programak hiru helburu nagusi ditu: prebentzioa, esku hartzea eta jarraipena. 

Modu sistematikoan, gelan jazarpenaren ezaugarriak ezagutu eta hauen lanketa egiten dugu, hausnarketatik ekintzara salto eginez, norbanakoaren hitzak eta jarrerek taldean duten garrantzia azpimarratuz, taldean eraginez. 

Baina ez dago  jazarpena errotik desagerraraziko duen prebentzio-ahaleginik, beraz, jazarpen-kasu bat ezagutzera ematen denean, erabili ahal izango ditugun tresnak eman dizkigu KiVa programak. Eta azkenik, ikastolako harreman egoeren eta denborarekin gertatzen diren aldaketen etengabeko jarraipena egiten laguntzen digu KiVak. 

Etengabeko eraldaketan gure ikasleak protagonista izan daitezen nahi dugu. Protagonista osasuntsu eta eraikitzaileak. Hau lortzeko ezinbestekoa da alderdi emozionala zaintzea, adimen emozionala heztea. Eta honetan lanean jarraituko dugu ikastolan. 

SENTITU, PENTSATU, EGIN!