Arimen gaua

2020/11/1

Urtero bezala hemen dugu urriak 1a, hildakoen eguna, arimen gaua, eta azken aldian, gure gaztetxoen artean, Halloween festa moduan ezagutzen den eguna. 

Azken urteotan,  gurea den arimen gaua berreskuperatzeko lanean ari gara ikastolan, lehengo janzkerak ezagutuz eta prestatuz, aspaldiko  argazkiak eta testigantzak ikusiz eta entzunez… Eta bai, ahal den neurrian, ikastolan, arimen gauari bere lekua egiten saiatu gara aurten ere.

Baina ezin dugu ahaztu hildakoen gaua dela, eta jai honen atzean heriotza dagoela. Momentu hau aprobetxatu dugu heriotzaz hitz egiteko, zabal eta lasai, bizipenetatik  eta sentimentuetatik. Gai korapilatsua da, hasieran tristea. Bai, gaur, negar egin dugu ikastolan. 

Gure inguruan faltan ditugun senitarteko, lagun, animaliak… ekarri ditugu gogora.  Zer sentitzen dugu beraietaz hitz egiterakoan? Beti sentitzen al gara berdin? Zergatik? 

Denon artean hausnartu ondoren, bakoitzak faltan duen horri testutxo bat, marrazki bat… egin dio eta beraien oroimenez egindako horma irudian itsatsi ditugu. Eta bai, gaur, barre ere egin dugu ikastolan.

IZAN ZIRELAKO GARA, GARELAKO IZANGO DIRA.