2019-20ko ekitaldia itxita, aurtengo ekitaldirako TANTA txartel berria martxan dago. Ikastolen aldeko bost jaiek bultzatutako ekimenak beste urte bati ekin dio.

TANTA ikastolen aldeko elkartasun adierazpen txartela da. Herritarrek bost euroko ekarpena eginez eskuratu dezakete txartel bakoitza. Ikastolen jaien ekimenez sortu zen iragan urtean, eta ikastola guztien egitasmoa da.  Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte hartzen dute ekimenean. Guztiak ari dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean.

TANTA txartelak erosiz, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak. Ikastolek, berriz, herritarren elkartasun adierazpen hau saritu egin nahi dute. Horregatik, TANTA txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.

SAIOKA egitasmoa omenduz

TANTA egitasmoarekin IKASTOLA EREDUA ere azaldu nahi da; nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten adierazi nahi da. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz. Ekimena abiatzeko, Elbira Zipitria andereño historikoa aukeratu zen. Bigarren ekitaldian, berriz, Saioka egitasmoa omendu nahi da.

Saioka 1974an sortu zen Iker taldearen eskutik, eta gerora Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak eman zion jarraipena. Garai zailetan eta baliabide gutxirekin, dozenaka espezialistak Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko zortzi mailetako arlo guztietarako liburuak eta bestelako ikasmaterialak prestatu zituzten ikastolentzat. Lehenengo esperientzia integrala izan zen euskarazko ikas materialen sorkuntzan. Metodologia aldetik, irakasleak proposatu eta ikasleekin batera egin beharreko proiektu praktikoetan oinarriturikoa izan zen Saioka egitasmoa, originala eta berritzailea, euskara batuan idatzia, eta euskara arlo guztietan erabiltzeko pentsatua.

TANTA EGITASMOA. ELKARTASUNAK BADU SARIA

Irantzuk eta Hibaik osatutako bikoteak eraman du Tanta txartelen zozketako saria. Iragan urriaren 21ean egin zen zozketa notario aurrean, eta 043.939 zenbakia irten zen saridun. Txartelaren zenbakia zuenak hilabete bateko epea zuen saria eskuratzeko, baina ez zen agertu, eta, ondorioz, ordezko zenbakia, 017.203a, zuenari egokitu zaio saria.

Azaroaren 27an jaso zuten sariaren balioa duen txekea Irantzuk eta Hibaik. Lehenak ezin izan zuen saria jasotzera joan, lanean ari zelako, eta Hibaik bakarrik jaso zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren eskutik. Bikotea ezin sinetsirik dago oraindik, Hibaik azaldu digunez. Gasteizko Armentia ikastolako gurasoak dira, eta ikastola horren bitartez jaso zuten TANTA txartela. “Esan zigutenean gure txartelak 60.000 euroko saria jasotzeko ordezko zenbakia zeukala, pentsatu genuen: hortxe hortxe egon gara. Baina ez genuen espero, azkenean, guri egokituko zitzaigula. Hilabete bateko epea zegoen zenbaki sarituaren jabeak saria eskatzeko, eta egun batzuetara agertuko zela espero genuen. Baina egunak joan egunak etorri, ez zen ageri, eta hilabetea pasa zenean… ezin sinetsirik gaude oraindik!”.