Txikipedia elikatzeko proiektuan gaude

2021/02/9

Ikastolen Elkartearen eta Euskal Wikilarien Elkartearen arteko lankidetzari jarraipena emanez, Txikipedia elikatzeari ekin diogu Euskal Herriko hamalau ikastolatan. Txikipedia edukiz hornitzea da helburua, eta xede nagusia, berriz, emakumezkoen biografiak, eta bereziki emakume zientzialarienak, euskaraz sortzea. Otsail eta martxoa bitartean sortuko ditugu artikuluak, eta 250 sarrera berri egiteko erronkari heldu diogu.

Elorrioko Txintxirri Ikastolan DBH2 eta DBH3ko ikasleek ekingo diote proiektuari. 

Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Sarean oro har eta Wikipedia/Txikipedian zehazki, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da.

“Nik, zuk, guk… 250 bai?” proiektuaren bitartez, helburu hauek lortu nahi dira:

  • Euskal komunitateko kide bezala euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea, arazoaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
  • Sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, euskarazko artikuluen presentzia areagotzea.
  • Gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
  • Konpetentzia digitala lantzea.

Ez dira otsaila eta martxoa ausaz aukeratu erronka honi ekiteko. Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu, eta otsailaren 11n, berriz, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Bi data esanguratsu horietan sortu nahi dira emakumezkoen biografiak Txikipedian. Tokian tokiko emakumeei edo Euskal Herriko emakumeei ikusgarritasuna emanez. Emakume zientzialariei ikusgarritasuna eman nahi zaie, beraz, alor ezberdinetako emakumeen biografiak egin ahalko badira ere, zientzialarietan zentratzeko saiakera egingo dute. Halaber, aukera eskaintzen da pertsonetan oinarritu gabe herriko txoko, eraikin edo bestelako gaien gaineko artikuluak ere sortzeko.

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna baliatuz, proiektuaren jarraipena egingo da eta komunikazioa plazaratuko da. Zenbat artikulu argitaratu ditugu? Erronka gainditzetik gertu edo urruti gaude? Martxoaren amaieran erronka gainditu den argituko da, lortu diren artikulu kopurua zehaztuko da eta parte hartzaileei aitorpena egingo zaie.

Hauek dira ekimenean parte hartuko duten ikastolak.

  • Aita Larramendi (Andoain)
  • Andra Mari (Etxarri Aranatz)
  • Armentia (Gasteiz)
  • Asti Leku (Portugalete)
  • Betiko (Leioa)
  • Elgoibar ikastola (Elgoibar)
  • Ikasberri (Azpeitia)
  • Iñigo Aritza (Altsasu)
  • Laskorain (Tolosa)
  • Lautada (Agurain)
  • Lizarra ikastola (Lizarra)
  • Orereta (Errenteria)
  • Paz de Ziganda (Atarrabia)
  • Txintxirri (Elorrio)
  • Urretxindorra (Bilbo)
  • Uzturpe (Ibarra)
  • Xalbador Kolegioa (Kanbo)