Errigora-agerraldia

2021/10/17

Kaixo lagun,

Zuri zuzentzen gatzaizkizu, gure eskerrik beroenak emateko eta, era berean, Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan egindako ekarpenagatik zoriontzeko. Izan ere, guztion ahaleginari esker, urteotan pilatutako diru-ekarpenaren bidez Nafarroa hegoalde eta erdialdean ikastolek eta AEK-k herritarrak euskalduntzen jarraitzeko aukera izan dute eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok egin du D ereduaren aldeko hautua, Sortzenen lanak bidea erraztuta.

Baina, horrez gain, kanpaina honen dinamikatik eta bere ekarpenari esker sortutako Agerraldia egitasmo berria martxan da, eskualdean euskarari hauspo berria emateko asmoz. Beraz, zorionak eta mila esker berriz ere, gure hizkuntzari hegoak emateagatik. Iragan kanpainatik ia urtebete igarota, Agerraldiak egin duen ibilbidea erakutsi nahi dizugu. Zaila da halako proiektu bat zer den eta zer egin duen labur azaltzea, baina, plazer baduzu, 14 minutuko bideotxo batean jaso dugun kontakizuna ikus dezakezu.

Azkenik, gonbidapen bat luzatu nahi genizuke: hilaren 23an berriz ere euskarari puzka hasiko gara eta dei egiten dizugu, saskiak eskatuta, kanpainan parte hartzeko. Euskarak behar handiak ditu Nafarroa hegoalde eta erdialdean, baina milaka euskal herritarren elkartasunari esker, etorkizun oparoa ere izango du. Kanpainarako hautatu dugun leloak dioen bezala, herriak egiten baitu herria.