Eraikin berriaren inaugurazioa

2023/02/18

Eskerrik asko Elorrioko erakunde, alderdi, elkarte eta enpresa ezberdinetatik etorri zaretenoi eta ongi etorri gure Ikastolara. Eskerrik asko Ikastolen Elkartetik eta inguruko Ikastoletatik hurbildu zaretenoi eta, nola ez, eskerrik asko Ikastolako bazkide laguntzaileei, atzoko eta gaurko familia guztiei.

Naturarekin lotura zuzena dute askotan Ikastolan erabiltzen ditugun metaforak. Ikastolen Elkarteak, esate baterako, sarri erabiltzen du Joxan Artzeren olerki paregabe hau: 

iturri zaharretik edaten dut
ur berria edaten
beti berri den ura
betiko iturri zaharretik

Guk ere, oraingoan, zuhaitza erabili dugu metafora gisa, erroetatik orri berrietara doan odola, bizia eta izaera irudikatzeko.

Izan ere, erro edo sustrai sakonak ditu gure Ikastolak, orain dela 55 urte hasierako familia haiek guztiek gogoz eta erabakimenez sakon eta sendo zabaldutako sustraiak. 55 urte hauetan enbor sendoa eta adar ugari garatu ditu Ikastolaren zuhaitzak, negu gogorrak bizi izan ditu, baina baita udaberri alaiak. Udan umeen gerizpe eta udazkenean fruitu oparoen sorburu, baina beti sustraietatik datorren indarrari esker aurrera eginez.

Ibilbide luze honetan denetariko proiektu eta ametsak gauzatzen joan gara. DBHko etapari ekin genion aspaldi, Elorrioko lehenengo haurtzaindegia zabaldu genuen, jantokia ipini, gero sukaldea, lehengai ekologiko, fresko eta bertakoei lehentasuna emanaz; hiru Ibilaldi antolatu ditugu, azkenekoa gauzatu ezinik geratu bazen ere, pandemiaren ondorioz; haurtzaindegirako bioeraikina egin genuen orain dela zortzi urte eta orain HHko bigarren zikloko umeentzako beste hau. Beti ere, naturarekin lotura zuzena mantendu nahian, barrua eta kanpoa lotuta. Lurra, harea, egurra, ura, harriak, belarra, eguzkia bezalako elementuek garrantzi erabatekoa dute bizitzan eta eraikin honetan ezinbestekoak dira, umeen hazkuntza prozesuan presente egon daitezen. 

Ezin dugu ahaztu, egiten duguna bezain garrantzitsua dela nola egiten dugun. Eta, horretan ere, Herri Onurako Kooperatiba izanda, gure aurrekoetatik auzolanaren ohitura jaso genuen. Ohitura hori jarraituta, eraikin hau diseinatzeko orduan, arkitektoekin batera langile, irakasle eta gurasoak elkarlanean aritu dira. Familia ugarik ere hainbat eta hainbat auzolan egin dituzte inguruak txukundu, konponketak egin eta gaur hemen ikusgai daukagun eraikin zoragarri hau posible izan dadin, gure seme-alabek espazio paregabe honetan arduraz hezi eta nortasunez hazteko aukera izan dezaten.

Azken baten, zuhaitz txikien antzera, gure umeek ere bizitzan aurrera egiteko behar duten guztia eskura izango dute Ikastolan: natura, lagunak, maitasuna, euskal nortasuna, errespetua, familia handi bat eta sustrai sakonak garatzeko behar duten guztia, biharko egunean beraiek ere zuhaitz sendoak izan daitezen eta Euskal Herri osoan fruituak zabaltzeko aukera izan dezaten, gure aurrekoek ere egin zuten moduan.