Onarpen agindua

2023/03/30

“23/24 ikasturterako ikasleen onarpenerako aginduan” ezarritako oinarrizko irizpideak ez dira betetzen ari

Ikastolen Etxean, 2023ko martxoaren 30ean.

Atzo, martxoaren 29a, Ikastolen Elkarteak ezohiko batzar bat egin zuen EAEko Ikastola guztiekin. Egungo hezkuntza-testuinguruaren aurrean ikastolek duten jarrera ezagutu, aurrematrikulazio prozesuan atera diren emaitzak aztertu eta balorazio bateratu bat egiteko asmoz.
Idatzi honen helburua Ikastolen Elkartea osatzen dugun kide guztion balorazioa jasotzea da, aldez aurretik, Ikastolen Elkarteak Hezkuntza akordioarekiko eta onarpen aginduarekiko izan duen jarrera positiboa azpimarratuta.
Ez hori bakarrik, hasiera-hasieratik ikastolok gure adostasuna adierazi dugu Hezkuntza Sailak Onarpen aginduan jasotako printzipio orokor eta helburuen inguruan.

AURREMATRIKULAZIO PROZESUAREKIKO IKASTOLEN JARRERA

1.  Hezkuntza saila ez da betetzen ari 23/24 ikasturterako ikasleen onarpenerako aginduan ezarritako oinarrizko irizpideak. Euskal Hezkuntza Sistema osatzen dugun ikastetxe guztiok eskubide eta betebehar berdinak izango genituela adierazi du behin eta berriz, eta hori ez da horrela gauzatu. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa definitzen ari garen honetan ezberdintasunak egiten ari dira titulartasun ezberdinetako ikastetxeen artean, bakoitzari joko arau ezberdinak ezarriz. Ikastolok argi dugu hori ez dela onargarria, are gehiago, agindu batean denontzat arau berdinak ezarri badira.

2.  Zaurgarritasun tasa finkatzeko prozesuaren gardentasun falta azpimarratu nahi dugu. Azken bi aste hauetan matrikulazio prozesuaren emaitzak eta ikastolek kontzertaziorako dituzten aukerak ezagutu ditugu, eta, ondorioz, egonezin handia sortu da bai ikastoletan, bai familien artean. Zergatik?
●    Familiek aurre-matrikulazio prozesuan bete dituzten galdetegiak baloratzeko unean erabilitako irizpideak ez ditugu ezagutzen.
●    Familien fluxuaren prozeduraren nondik norakoak ere ez.
●    Ez ditugu ezagutzen ikastola bakoitzaren eragin eremuko beste ikastetxeen zaurgarritasun tasak.
●    Ikastetxe bakoitzean (ikastola saretik kanpo) barematu beharreko ikasle edo familia kopurua ere ez dugu ezagutzen.

3.  Familien fluxua ez da modu orekatuan egiten ari. Hezkuntza Sailak behin eta berriz adierazi du matrikulazio prozesua amaitzerako garaian ikastetxe batek onartu ezin izan dituen ikasle kopuru bera jasoko duela beste ikastetxe batetatik. Hau da, aurre-matrikulazioan izandako eskari kopuru berdina matrikulatu ahal izango duela. Jakin badakigu hori ez dela horrela gertatu gure ikastoletan, eta, kasu askotan, jasoko diren baino ikasle gehiagori irteera ematea eskatu dela.

Horren guztiaren aurrean honako hauek dira ikastolok une honetan hartuko ditugun neurriak:
●    Euskal Hezkuntza Sistema osatzen dugun ikastetxe guztiok matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen dugu. Hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, eta, ondorioz, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko.
●    Familiek aurre-matrikulazio prozesuan bete dituzten galdetegiak baloratzeko erabilitako irizpideak publikoki argitaratzea eskatzen dugu, beste baremazio irizpideekin egiten den moduan.
●    Familien fluxua gertatzen den garaian gure ikastoletan libre geratu diren plazak ez badira betetzen, aurretik matrikula eskaera egin zuten familiekin osatuko ditugu. Hau da, ikastola bati dagozkion ikasleak (izan zaurgarriak ala ez) etortzen ez bazaizkio, matrikulazio kopuruak bertan aurre-matrikula egin duten eta baremazioaren ondorioz kanpo geratu diren familiekin beteko ditugu, beste ikastetxe batzuetara bideratu gabe.
●    Familiek eta ikastolek helegiteak aurkeztuko dituzte ohar honetan jasotako argudioak baliatuz.