Zorionak, zigilua lortu dugu!

2023/05/18

STEM School Labela aintzatespen edo errekonozimendu zigilu bat da, European Schoolnet sareak bultzatutako Scientix plataformaren baitan garatzen dena. Ikastetxeen zientzia-teknologia ikas arloetako gaitasun-zigilu honek, STEM gaietan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) Europako ikastetxeen lan pedagogikoa diagnostikatzen laguntzeaz gain, aitortza eta bikaintasuna bultzatzen ditu.

Urtarrilean hasi zuen Elorrioko Txintxirri Ikastolak zertifikaziorako bidea. Hiru atal izan ditu prozesuak: antolaketa, ebidentziak jasotzea eta azken galdetegia. Antolaketa ezinbestekoa izan da urrats guztiak ondo bideratzeko eta, batez ere, epeak betetzeko. Prozesua arrakastaz burutzeko, zuzendaritza eta ikastolako zientzia taldearen arteko koordinazioa ezinbestekoa izan da, beti ere Ikastolen Elkartearen gidaritza pean.

Labelak zazpi eremu jasotzen ditu. Horietan guztietan egindako lanen ebidentziak bildu eta beraien plataformara igo behar izan ditu Ikastolak. STEM arloetan lan handia egiten ari da aspaldi Txintxirri Ikastola, eta azken urteetan maila eta batez ere esparru guztietara zabaltzeko ahaleginetan dihardu: emakume zientzialarien eguna, zientzia-txokoa, gurasoen tailerrak gelan, unibertsitateekin elkarlana, janari osasungarrirako edo energia berriztagarrien erabilera sustatzeko erakundeekin akordioak…adibide ugari daude eta hauek guztiak goraipatu dituzte osoki ingelesez garatu den prozesuan. @TxintxirriZT

Labela lortzeko egindako lana aukera paregabea izan da Ikastolarentzat, eremu guzti horien gaineko hausnarketa egiteko eta batez ere azken urteetan egindako berrikuntzak balioesteko. Prozesuaren arrakasta honek arlo pedagogikoetan eta STEMarekiko hartutako hobekuntza konpromisoak berresten ditu.

Hasi eta lehenengo ekinaldian Europa mailako label honetan maila aurreratua lortu izanak erakutsi du gauzak oso ondo egiten ari garela eta bide onetik goazela. Lanean jarraituko dugu ikasleak ahalduntzen eta modu integralean konpetentzia zientifiko-teknologikoaren ezaugarriak lantzen.