Ekainaren 10etik 14ra Euskal Herriko zazpi ikastolatako LH5eko ikasleak elkarrekin ari dira sormenean, ekintza-ludikoetan eta balio hezitzaileetan oinarritutako elkarbizitzan.
Ikastolen Elkarteko Zirimola Aisialdi Taldeak antolatu eta Euroeskualdeak babestutako ekimena da.
Ekainaren 10etik 14ra, ikasturte amaierako ohiko ikasbidaiaren ordez, Euskal Herriko lurralde desberdinetako ikaskideekin trukaldia burutuko dute zazpi ikastolatako ikasleek, Nafarroako erdialdeko Allo herrian, Ikastolen ‘Tahona’ Aterpetxean. Gernikako Seber Altube ikastola, Altsasuko Iñigo Aritza ikastola, Sarako Olhain ikastola, Elorrioko Txintxirri ikastola, Tuterako Argia ikastola, Sohütako Eperra ikastola eta Uztaritzeko Louis Dassance ikastolako ikasleak izango dira Ipar-hegoa Trukaldian parte hartuko duten ikastolak. Bi txandatan hartuko dute parte: lehena ekainaren 10etik 12ra, eta, bigarrena, 12tik 14ra bigarren txanda. Ikastolen Elkarteko Zirimola Aisialdi Taldeak antolatu du ekimena, eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza jaso du, erakunde honek kooperaziorako eta elkarlanerako eman eta eskaintzen duen aukeraren bitartez.
Euskara da euskaldun egiten gaituena. Euskal Herriko txoko ezberdinetako ikasleen topagune izan nahi du Trukaldiak. Herri bakoitzeko euskalki, ohitura, kultur adierazpen eta sormenaren kokaleku.
Askotariko bizipenen bidez, Euskal Herriko aniztasunaz jabetzea eta euskal kulturaren harrobia aberastasunez elikatzea izango da xede nagusia. Ikastola bakoitzak bere baitan antolatzen duen ikasbidaia izatetik, euskal ikasleen harreman-sarea ehuntzen lagunduko duen egitasmoa izatera igaro nahi da.
Horretarako, Nafarroako bihotzean eta Allo-ko herrian kokatzen den `Tahona´ Ikastolen Aterpetxean egingo den egonaldiak sormenean, ekintza-ludikoetan eta balio hezitzaileetan oinarritutako elkarbizitzan jarriko du fokua.
Naturaz, gastronomiaz, jolasaz, jokoaz, musikaz, arteaz eta kantuaz gozatzeko aukera paregabeak eskainiko dizkigu Euskal Herria nazio gisa sentitzera eramango gaituena, euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendua piztuko duena.
Helburu orokorrak
- Euskal Herriko kultur-erreferenteak eta askotariko kultur-adierazpenak ezagutzea
- Euskal identitatea indartzeko kultur-adierazpen berriak sortzea.
- Balio hezitzaileetan oinarritutako elkarbizitza euskalduna sustatzea.
- Nafarroako eta Allo herriko ingurune naturalen aberastasunaz jabetzea.
Helburu espezifikoak
- Garapen pertsonalari garatzen laguntzeko bizipenak izatea.
- Harreman-sarea hedatu eta komunikaziorako gaitasunak garatzea.
- Euskal kulturaren eragile aktibo eta sortzaile bilakatzea.
- Harremanenak ludikotasunean ardaztea.
Hizkuntza-helburuak
- Euskal Herriko aniztasun linguistikoaz jabetu eta norberarena aberastea.
- Hizketa-komunitatea indartu eta hizkuntza-komunitatea saretzea.
- “Euskararen estetika” positiboa eraiki eta indartzea.