Gure haurrak ere badira

2024/06/20

Elkartasuna lantzea Ikastolako ardatzetako bat da. Ikasle solidarioak heztea dugu helburu.
Gaurkoan ere elkartasun ariketa bat egin dugu, “Gure haurrak ere badira” ekimenarekin bat egin du gure Ikastolak eta EHI osoak, Palestinako umeak sufritzen ari diren sarraskia salatzeko.

“Palestinan gertatzen ari denak, Israel palestinarren kontra egiten ari den genozidioak, zeharo hunkitzen gaitu. Oso bereziki, umeen aurkako erasoaldi gupidagabeak harritu eta ikaratu egiten gaitu.”

“Gure begiek isurtzen dituzten amorruzko malkoak genozidio hau geldiarazteko indar bilakatzea nahi dugu. Euskal Herriko gurasook ere, oso era berezian, ahal dugun guztia egin behar dugu sarraski hau geldiarazteko. Bide horretan, sortu dugun manifestura atxikitzeko eskatu nahi diegu Euskal Herriko eskola, ikastola eta hezkuntza zentro guztietako komunitateei.”

“Egunero erailtzen ari diren Gazako haur horiek gure seme-alabak direla aldarrikatu nahi dugu. Eta haien gurasoak gure neba-arrebak direla. Beraien mina gure bihotz barrenetan sentitzen dugula adierazi nahi diegu.”