Ikastolok biharko herri erronkei erantzuteko indarra erakutsi dugu, Iruñean. Beste ikastolekin batera, gu ere bertan izan gara, etorkizuna irudikatzen, amesten eta erabakiak hartzen.
“Biharko Ikastolak behar ditugu biharko Euskal Herria eraikitzeko”. Esaldi horrekin laburbildu ditu Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak, gaur, Iruñean, Ikastolok egin dugun Zazpigarren Batzarrean hartutako erabakiak. Besteak beste, erabaki dugu Ikastola eredua eguneratu, egonkortu, zabaldu eta aldarrikatzea, Ikastolen Elkartea indartzea, Euskal Herri osoko mugimendu-izaera indartzea, pertsonak erdigunean jartzea, ikastolen irismena handitzea, Hezkuntza Proiektua sendotzea, euskal kulturaren sorkuntzan eta transmisioan lan-ildo berriak ezartzea eta Ikastoletako hizkuntza-proiektuak eguneratzea.
Ikastolen Elkartean biltzen garen 114 ikastoletako ordezkariak Iruñeko Baluarte Kongresu Jauregian batzartu gara, ekainaren 22an, Ikastolen Zazpigarren Batzarrean. Etorkizun hurbileko erronkei erantzutea genuen xede, eta gaur amaitu den prozesua aberatsa izan da. “Eztabaida-prozesu luze, trinko eta aberats baten ondorioz, Euskal Herria eraikitzeko behar ditugun biharko Ikastolen norabidea birdefinitu dugu. Milaka lagun, ehunka ekarpen eta dozenaka bilera egin ditugu hona iristeko”, adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak. Prozesuak eta emaitzak merezi izan dutela erantsi du: “Duela urte bete baino sendoago gaude”. Aurrean diren erronkak eta zailtasunak handiak direla aitortu du, baina horiei erantzuteko ikastolen indarrak ere handiak direla gaineratu du Artolak.
ZAZPIGARREN BATZARRA LEHENDAKARIAREN HITZAK.docx 7. BATZARREKO EBAZPENA fitxategiaren kopia