Fagor herrigintzak “Teilatu bizia” lagunduko du

2024/12/17

Zorionak Txintxirri! Fagor Herrigintza bidez diruz babestuko du gure Teilatu Bizia proiektua. Euskal Herri hobe baten alde jarraitzen dugu lanean, tinko.

Hemendik eta ekainera bitartean proiektua martxan jarriko dugu.

Bazkideen bozkak jasota, dagoeneko zehazturik daude Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez lagunduko diren hiru proiektuak: Hiruatx Hirugarren Mundu Elkartearen Plaka fotovoltaikoak Ghanako lanbide heziketako zentroan (60.000 euroko laguntza); Txintxirri Ikastolaren Teilatu bizia, plaka fotovoltaikoak, ortua eta helduenen inklusioa (40.000 euroko laguntza); eta Ihitten elkartearen Bullyingari galga ikus-entzunezkoa (20.000 euroko laguntza). Ohi moduan, 120.000 euro banatuko ditu Fagorrek Euskal Herri hobe baten aldeko lanean ari diren hiru gizarte eragileren artean.

Orotara, 38 proiektu aurkeztu dira aurtengo deialdian, eta, aurrez argitaraturiko oinarrien araberako balorazioa eginda, bederatzi izan dira bozka fasean -hiru egitasmo, laguntza kategoria bakoitzeko.

Euskal Herrian sortutako ekimenak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko 2022an sorturiko lankidetza programa da Fagor Herrigintza. Haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea bilatzen duten proiektuak bultzatzen ditu Fagor Taldeak. Horretarako, euren egitasmoak aurkeztu ohi dituzte gizarte eragileek, eta hiru aukeratzen dituzte Fagorreko kooperatibetako bazkideek, besteak beste, Fagor 2030 iraunkortasun estrategian esangura handienekoak diren Garapen Iraunkorrerako Helburuekin loturikoak lehenetsiz. 120.000 euro banatzen dira orotara.

Aurtengoa, hirugarren aldia du Fagor Herrigintzak. Orain arteko ibilbidean, askotariko eragileek jaso dituzte lankidetza programaren laguntzak euren proiektuetarako: Zaporeak, Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioa, Seaska ikastolen federazioa, Biolur, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Iñurri elkartea.