Ikastetxea aukeratzeko eskubidearen alde!

2025/06/5

MATRIKULAZIO PROZESU GARDEN ETA BIDEZKO BATEN ALDE

Elorrioko Txintxirri Ikastolako familiak herriko plazan elkartu gara hezkuntza komunitateari, Elorrioko herriari eta, orohar, gizarte osoari gure ezinegona eta aldarrikapena helarazteko.

Hiru urte igaro dira Hezkuntza Saila matrikulazio irizpide berriak aplikatzen hasi zenetik. Hiru urteotan ikusi dugu familiek urduri eta beldurrez hartzen dutela erraza eta gardena izan beharko litzatekeen tramite hori. Ikusi dugu, baita, nola han eta hemen Hezkuntza Sailak familiak ikastetxe batetik bestera behartuta bidali dituen, zaurgarri-ez zaurgarri diren umeak orekatzeko ustezko helburuarekin. Hainbat kasutan, azkenean lekualdaketa horiek ez dira gauzatu eta ondo deritzogu. Gure herrian ere izan da horrelako kasurik eta pozten gara.

Matrikulak egitearekin batera zaurgarritasuna neurtzen hasi zenetik, gure Ikastola herriko bataz-bestekoan egon da, lehenengo bi urteetan behintzat. Horrela, zorionez, Ikastola aukeratu zuten familia guztiek, zaurgarri zein ez-zaurgarriek, bertan jarraitzeko aukera izan dute.

Aurtengoan, baina, gure familien artean zaurgarritasun maila handiagoa omen da eta, ondorioz, Hezkuntza Sailak erabaki du ume zaurgarri bat herriko beste ikastetxe batera joan beharko dela.

Egoera honen aurrean, Ikastolak eta familiak alegazioak aurkeztu genituen eta familia Ikastolan geratzeko eskaria helarazi genion Hezkuntza Sailari. Berriki, gainera, helegitea aurkeztu dugu Jaurlaritzan helburu berarekin.

Ez zaigu bidezkoa iruditzen Hezkuntza Saila egiten ari dena eta ez diogu inongo zentzurik ikusten. Hainbat arrazoitan oinarritzen dugu gure
iritzia:
1.- Zaurgarritasuna neurtzeko modua ez da argia, ez gardena, ezta egokia ere. Inkesta batean oinarritzen da, inongo oinarririk ez duten hainbat galdera dituena eta emaitza arbitrario bat ematen duena. Inork ez du egiaztatzen familia bakoitzak ematen dituen erantzunak benetazkoak ote diren eta, ondorioz, guztiz manipulagarria da.

2.- Zaurgarritasunaren kontzeptua bera baztertzailea da eta aurreiritziz josita dago. Etxean liburu gutxi izateagatik edo ordainpeko telebista ez izateagatik familia bat zaurgarria dela pentsatzeari klasismo kiratsa dario.

3.- Zaurgarritasun egoera egonkorra eta aldaezina dela uste izatea atzerakoia da guztiz. Ume zaurgarriek laguntza egokiarekin beste edozeinen emaitza akademikoak izan ditzaketela sinisten dugu eta, are, familia baten zaurgarritasun egoera behin-behinekoa da. Hezkuntza sailak, ordea, zaurgarri-ez zaurgarri banaketa 2 urterekin egiten du eta betikotu egiten du, ume hori betiko markatuz.

4.- Urte batetik bestera zaurgarri-ez zaurgarrien arteko langa aldakorra izatea onartezina da eta injustizia bat gehiago gehitzen dio prozesuari. Horrela, aurten zaurgarritzak jotzen den familia bat datorren urtean agian ez da izango, edo alderantziz. Zaurgarritasunaren definizioa bera aldakorra izateak ziurgabetasun handiagoa eransten dio prozesu osoari.

5.- Elorrion ez dago desorekarik ikastetxeen artean zaurgarritasunari dagokionez. Urte batean ikastetxeetako bat egongo da besteen gainetik eta hurrengoan beste bat, baina kopuru orokorrak oso berdinduta daude eta Hezkuntza Sailak ondotxo daki hori. Horrela izanda, ez du zentzurik urtero bi urteko gelan umeak ikastetxe batetik bestera bidaltzen aritzeak, gela guzti-guztietan ume zaurgarri kopuru berbera egon dadin. Urte batean ume zaurgarri bat bidali behar izateak hurrengoan beste bat hartzeko ez dio inori mesederik egiten, kaltea baizik.

6.- Ez gara zenbaki hutsez ari. Kaltetutakoa ume bat da, familia oso bat. Ume honek ikasturte osoa darama Ikastolan. Bertan egin zuen hasierako moldaera prozesua, bertan hasi da katamarrean lehenengo eta oinez gero, bertan esan ditu bere lehenengo berbak, bertan hasi da ikaskide eta irakasleekin harremantzen eta mundua deskubritzen. Bere bizitza erdia Ikastolan egin du eta orain beste ikastetxe batera bidali nahi dute, berarentzat arrotz eta ezezagun izango den ikastetxe batera.

Hau guztia azaldu ostean, argi eta ozen adierazi nahi dugu ondorengoa:

1.- Ez dugu onartzen Hezkuntza Sailak ume zaurgarri bat beste ikastetxe batera bidali nahi izatea. Erabaki horrek ez du Elorrioko errealitatea aintzat hartzen eta ez du inongo arazorik konpontzen, sortu baizik.

2.- Gure Ikastolak familia guztientzat ditu ateak zabalik, zaurgarriak zein ez zaurgarriak. Ikastola aukeratzen duten guztiek bertan jarraitzeko eskubidea dute eta eskubide horren defentsan lan egingo dugu Ikastolako familiok.

3.- Eskubide berbera aitortzen diegu beste edozein ikastetxe aukeratu duten familiei, haiek ere berdin kaltetzen baititu Hezkuntzak.

4.- Hezkuntza Sailari eskatzen diogu bertan behera utz ditzan Elorrion bideratu nahi dituen lekualdaketak, familia bakoitzak aukeratutako ikastetxean mantendu ditzan bere seme-alabak.

5.- Hezkuntza Sailari eta Elorrioko Udalari eskatzen diegu herri mailako Hezkuntza Mahaia eratzeko pausoak egin ditzaten, erakunde publikoak eta ikastetxe guztiak bertan ordezkatuta egoteko aukera emanaz. Seguru gaude era honetako topagune batekin gai izango garela gure herriko hezkuntzak dituen erronkei elkarrekin aurre egin eta konponbideak bilatzeko.

Elorrion, 2025eko ekainaren 5ean.

Elorrioko Txintxirri Ikastola Koop. E.ko familiak

Elorrioko Txintxirri Ikastola
Pribatutasunaren laburpena

Norberaren eta hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak aztertzeko eta zure lehentasunekin lotutako publizitatea erakusteko, zure nabigazio-habitoetan oinarrituta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako panelak). Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta funtzio hauek betetzen ditu: gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea, edo gure taldeari web guneko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.