Urriaren 7an eta 8an Elorrioko Txintxirri Ikastolan, Euskal Herriko Ikastola eta eskola ezberdinetako, 24 profesional zein guraso, Alvaro Beñaranekin elkartzeko aukera izan dute.
Urriaren 7an eta 8an Elorrioko Txintxirri Ikastolan, Euskal Herriko Ikastola eta eskola ezberdinetako, besteak beste, Bermeo, Asteasu, Bilbo,….. 24 profesional zein guraso, pedagogia terapeutikoan lizentziatua, Bergarako psikomotrizitate eskolako irakaslea eta ASEFOP-eko formatzailea den Alvaro Beñaranekin, elkartzeko aukera izan dute.
Azkeneko urteetan Ikastolan paradigma aldaketa garrantzitsu bat eman da eta jolasa hartu da haurren ikasketa-prozesuaren tresna bezala. Pedagogia aktiboa delakoarekin, ikastolako ume zein gazteak beraien ikasketa-prozesuaren jabe bihurtu dira eta haur hezkuntzaren kasuan, jolas askea hartu da ikasketa prozesuaren ardatz.
Haurra, bizirauteko gaitasunez beteriko pertsona dela jakin badakigu; gaitasun horiek berezkoak ditu, ez ditu ikasi behar, ez zaizkio irakasten, soilik garatu egiten ditu modu batera edo bestera eskainiko zaizkion testuinguruaren arabera. Zein da eskaini behar zaion testuinguru hori? Galdera honi eta paradigma aldaketa honetan laguntza eskaintzeko asmoz, haurra, gorputza mugimendua, ekintza eta jolasaren garrantziaz eta zergatiaz hausnartzeko parada izan zuten mintegian.
Horrela ba, jolasaldiaren lehenengo atalean, 0-1 adin tarteari ekin zioten, haurraren bizitzaren lehenengo urte honetan ematen diren esperientzietan bizitzaren dinamikaren zentzua aurkitzen delako, hots, gizakiaren garapenaren oinarriak garai honetan eraikitzen direlako.
Ondoren, oinarri horietatik abiatuz, 8 urteetarako bidea egin zuten partehartzaileek beti ere, elkar-harremanetan zentratuz, eta hauen artean, helduarekin izandako harremanen oinarrizko garrantzia azpimarratuz. Haurraren egiteko eta eragiteko gaitasunaren ibilbideak jorratu ziren. Haurraren iniziatiba, haurrarengan kuriositatea, balore etiko eta sozialen garapena.
Guzti honetatik, zein da eskaini behar zaion testuinguru hori? Galderari erantzun posibleei buruz jardun zuten, ondorengoa ondorioztatuz:
- Helduaren rola bidelaguna izatearena izango da. Haurrak dituen berezko gaitasunak garatzen lagunduko diona, bideratu gabe, pedagogia argi eta malgu baten oinarrituz, haurren iniziatiba eta gogoa zapaldu gabe erabiliko duena.
- Espazio gozo, ziurrak eta biziak ahalbideratuko dira, aurrera jarraitzeko maila ezberdineko erronkak eta aldi berean haurraren autonomia bultzatuko dituztenak, bizipen atseginak ahalbideratuz.
- Objektu edo jostailu anitzak, sentsazio ezberdinak transmititzen dituztenak aukeratuko dira. Haurraren garapenean baliagarriak izango direnak sentsazioen bitartez munduari buruzko informazioak kontrastatzeko aukerak izan dezaketen.
Partehartzaileek gustura aritu ziren eta mintegiaren balorazioa ezin hobea izan da. Giro hobea, hausnarketa sakona eta ikasketa bikainak.