Agenda 2030

Aspalditik gaude Eskola Agenda 2030 proiektuan murgilduta, Ikastolan lantzen diren ardatzetatik bat ingurumenaren ezagutza eta esku-hartzea baita.

Proiektu hau osatzen duten Durangaldeko gainerako ikastetxeekin batera lan egiten dugu, hainbat jarduera eta proposamenetan parte hartuz: tailerrak, Eskolen Arteko Foroa eta Udal Foroa…

Hau guztia aurrera eramateko ezinbestekoa da ikasle eko-ordezkariek egiten duten lan bolondresa. Beraiek prestatzen dituzte A2030 astean egiten ditugun ekintzak, ortuko barazkien salmenta, tapoi bilketaren kanpaina… eta urtean zehar suertatzen diren beste hainbat ekimen.

TEILATU BIZIA

2024ean FAGOR Herrigintza lehiaketako sarietako bat irabazi genuen eta, laguntza horrekin Teilatu Bizia proiektua garatu dugu. HHko eraikinaren teilatuan ortua egin dugu, ikastolako familiek auzolanean egin zutena eta mantentzen dutena. Ikasleek barazki eta fruituak erein, landatu, zaindu eta uzta jasotzen dute, guraso eta irakasleek lagunduta. Jasotako uzta Ikastolako azokan saltzen dute eta etekinak gizarte-elkartasun elkarte bati ematen dizkiote.

Ortuarekin batera, teilatuan eguzki-plakak ere ipini ditugu, Ikastolaren energia kontsumoaren zati handi bat energia berriztagarrietatik hornitu eta gure aztarna ekologikoa murrizteko. Ikasleek eguzki-plaken nondik norakoak ezagutu eta sortzen duten elektrizitatearen jarraipena egiteko aukera izango dute.

Azkenik, orain gutxi Txintxirri Basoa atontzen hasi gara. Baso horretan zuhaitz espezie ezberdinak landatzen ari gara familia eta ikasleak batera, ingurumenarekin harreman estuagoa izan eta gure basoen ezagutza sakonagoa lantzeko. Basotik errekatxo bat ere igarotzen denez, honek aukera paregabea ematen digu ikasleekin sarritan joan eta naturan ikusgai dauden prozesu eta elementu ezberdinak bertatik bertara ezagutzeko. Baso-eskola, azken batean, ikasleentzako ohiko ikasgune bilakatu dadin nahi dugu proiektu honekin.

Elorrioko Txintxirri Ikastola
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.