Ibilaldi jendetsu eta arrakastatsua
Iragarrita zegoena baino eguraldi hobeagoarekin ospatu zuten igandean Ibilaldia, eta milaka ikastolazale hurbildu ziren Durangora, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatutako jaira. Euriak kaleak busti zituen eguerdian, baina uholdea Durangora joandako jendearena izan zen.
Bizkaiko ikastolen jai handiaren biharamunean, Durangoko kaleak garbitu eta lehengoratzeko lanean ari ziren Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako ikasle, irakasle eta gurasoak, eta igandean bezala musu truke lanean ari ziren boluntarioak. Helburua, Ibilaldi egun handia durangarrek gogoan izan dezatela, baina kalean, igandean Ibilaldia izan zenaren arrastorik ez geratzea.
Balantzeak eta kontuak egiteko tenorean dira bi ikastoletako arduradunak, jai honekin lortu nahi zituzten helburuetara iritsi diren, gainditu dituzten edo motz geratu diren jakiteko. Egunari dagokionez, ordea, biribila izan zela azpimarratu zuten igandean.
Dagigun zen Ibilaldi honetako leloa, eta ekin eta egin, biak uztartu zituzten igandean. Eta hori hala izan zedin arduratu ziren mila boluntariotik gora. Haiek eskertu zituzten bereziki, atzo, ikastola bietako ordezkariek, baita EHIko lehendakariak ere. Hezkidetza eta parekidetasuna bultzatzeko eragile moreen presentzia eta haiek egindako lana, jendeak parte hartzeko antolatutako ekintzak (dantza, zunba, Erronka…), eskualdeko musika taldeen alde egindako apustua, izan ziren Durangoko Ibilaldiak antolatutako jaiaren ezaugarri nagusiak.
Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek dituzten erronka pedagogikoei aurre egiteko egin beharreko inbertsioei erantzutea zen Ibilaldiaren helburua; Kurutziagak Haur Hezkuntzan duen proiektuak eskatzen dituen moldaketei aurre egiteko eta Ibaizabalek Batxilerra hedatzeko eraikinean egindako obrak finantzatzeko.
Ikastola eredua eta Hezkuntza Legea
Ikastola eredua hedatzea ere badu helburutzat Ibilaldiak, ikastolen beste jaiek bezala, eta hori nabarmen geratu zen. Aldi berean, hezkuntza mailan dauden aldarrikapenak ere plazaratzen dira egun honetan, eta igandean ere aldarrikatu zen ikastolen aldetik Hezkuntza Lege bat, Hezkuntza Sistema Propioaren bidean.
Halaxe egin zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, hasiera ekitaldian egin zuen hitzaldian. “Hezkuntza Eredu Propioa ere eskatzen dugu eta landu nahi dugu. Euskal Herri osoan zaila den arren, gutxienez zati batean aurrerapausoak emateko aukeran izan gara. Ez dugu lortu, ordea, azken emaitzara heltzea. Hezkuntza Lege baterako oinarriaz ari naiz, ez gara heldu”, esan zuen, eta hau erantsi zuen: “Espero dezagun datorren legegintzaldian egitea Hezkuntza Eredu Propioaren bidean jarriko gaituzten urrats handi horiek”.
Ikastolek berritzen eta eraberritzen dihardutela ere azpimarratu zuen, eta une honetan etapaz etapa garatzen ari diren proiektu pedagogikoak zerrendatu zituen. Heldu den urtean eskola jazarpenaren aurkako KIVA programa 52 ikastolatan inplementatuko dutela, eta EKI proiektuaren ingelesezko materialengatik Erresuma Batuko Eltons sarien hautagai direla ikastolak ere aipatu zuen Tellituk.
Ikastolen ordezkari gehiago ere izan ziren oholtza gainean: Ibilaldia elkarteko lehendakari Juan Carlos Gomez, Joseba Balerdi eta Kepa Zengotitabengoa Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako lehendakariak, bi ikastola horietako guraso Larraitz Eguren eta Jone Guenetxea . Agintariei dagokienez, han izan ziren Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria eta Durangoko alkate Aitziber Irigoras. Andres Urrutia euskaltzainburua ere oholtzan izan zen.
EAJko eta EH Bilduko ordezkari ugari ere hurbildu ziren Ibilaldira. Arnaldo Otegiren presentzia aipagarria izan zen, eta EH Bilduko lehendakarigaia eta Urkulluren arteko besarkada Ibilaldiko une aipagarrietako bat izan zen. Gizarte eragile, kultura eta hezkuntza munduko ordezkari ugari ere ikusi ziren Durangon.
Heldu den urtean Mungian ospatuko da Ibilaldia. Larramendi ikastolak hartu du lekukoa, eta gogotsu ekingo diotela hitz eman zuten igandean.