Eusko Jaurlaritzaren 2018ko ebaluazio probak

2018/02/28

Eusko Jaurlaritzak Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta  DBHko 4. mailan EAEko ikastetxe batzuetan egin nahi duen kanpo-ebaluazioaren aurrean, Ikastolen Elkartetik beharrezko den paradigma aldaketa egikaritzeko eta beharrezko dugun ebaluazio hezitzaile baten ikuspuntutik aztertuta, ondorengoa adierazi du.

• Behar-beharrezkoa da edozein hezkuntza sistematan (eta EAEkoan ere bai) ebaluazio sistema bat ezartzea.

• Ezinbestekoa ikusten da ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Lehen Hezkuntzaren erdian ebaluazio diagnostiko bat egitea, baina beti ere orain arte egindako parametroetan, hau da, helburua hobekuntza izanik, ikasleena (ikaskuntza pertsonalizatua), ikastetxearena (hobekuntza planak), irakasleena (irakasle profilera egokitzeko prestakuntza planarekin) eta hezkuntza sistema osoarena (planifikazioa, lerro estrategikoak eta formakuntza plana).

• Azken ikasturteetan, ISEIk egin du ebaluazio diagnostikoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan eta Lehen Hezkuntzako 4.ean. 2009az geroztik egiten den proba bat da berau, eta azken urteetan ikastetxe bakoitzari bere aurrerapenak ezagutzeko aukera eman dio. Gainera, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza komunitatearen oniritzia izan du, eta du.

• Ez da halakorik gertatzen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako geletan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ebaluazio lagin gisa egin asmo duen ebaluazioarekin.

• EHIren ustez gaur egun proba hau egiteko dagoen arrazoi bakarra LOMCEn aurreikusita dagoela da. Hobekuntzarako  balitz, etapa erdietan egindako probekin nahikoa izango litzateke, are gehiago kontutan hartzen badugu horiek aurreko urteetan gauzatutakoen jarraipena izan direla, alde batetik, eta etapa bukaeran ebaluazioa egiteak ez dakarrela ikastetxeetako hobekuntza planak bideratzea, edota ikasleen ikaskuntza pertsonalizatua bideratzea; ikasleek ikaskuntza-prozesuaren amaieran ikasi dutena neurtzea besterik ez, eta horretarako  gure konfiantza osoa ikastetxe bakoitzeko irakasleei ematen diegu. Egitasmo hau LOMCEren aplikazioaren garapena da, eta lege horrek diagnostikora zuzendutako ezein ebaluazio planteamendu urardotzen du. LH 6an eta DBH 4an, beraz, ebaluazio garrantzitsuena ikastetxe bakoitzeko irakasle taldeak egiten duena da.

• Hezkuntza Sailak Hezkuntza Akordiorako egin berri duen proposamenean konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa jasotzen da, ikastetxeen eta ikasleen hezkuntzaren hobekuntzara bideratuta, autoebaluazioaren eta kanpo ebaluazioen arteko osagarritasuna bilatuz. Finean, proposatzen den paradigma aldaketaren neurriko ebaluazioa da eta bide egokia, gure ustez. Baina LH 6 eta DBH 4an laster egingo diren probekin zerikusi gutxi duena. Hezkuntza Sailak Hezkuntza Akordiorako aurkeztutako dokumentuan agertzen den erako ebaluazio sistema propio bat erdietsi ezin dugun bitartean, egokiena Hezkuntza sistemaren onarpena duten Ebaluazio diagnostiko probetara lotzea dela pentsatzen da.

Testuinguru horretan, eta lagin izaerakoak izanda gainera,  bere autonomia erabiliz proba ez egitea erabaki dezaketen ikastetxeen hautua errespetatzeko eskatzen zaio Hezkuntza Sailari.

Gure hezkuntza sistemarentzako nolako ebaluazio mota nahi ez dugun identifikatzeaz gain, beharrezkoa da nahi dugun edo egoki deritzogun sistema definitzea.  Hezkuntza Akordioa lortzeko prozesuan Hezkuntza Sailak osatutako ebaluazioari dagokion lan taldean, ildo honetan aurrerapauso sendoak eman direla pentsatzen da, eta aurkeztutako proposamena aipatutako definizioa lortzeko oinarri sendoa dela.

Beraz, ebaluazio diagnostikoa Lehen Hezkuntzako 6. mailan ez egitea LOMCEk ezartzen duen neurria eta beronen Errege Dekretuetan azaltzen den ebaluazioari aurre egitea dela deritzogunez, Ikastolen elkarteak ez du beharrezkotzat jotzen, ezta egokitzat ere, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ebaluazio egitea.

Ikasturte honetan, Hezkuntza Sailak DBH 4 proba “PISA kontrola” lez planteatzen du, bien emaitzak homologatzeko modukoak diren ala ez egiaztatzeko eta gure hezkuntza sistemaren argazki errealago bat izateko. DBH 4ko ebaluazioan aldaketa honek, ordea, ez du berarekiko gure iritzia aldatzen, bere beharrezkotasunari eta egokitasunari dagokienean.