Eskola jazarpenari ateak ixten

2018/04/16

Ikasturte batean %47,3 jaitsi dira eskola jazarpen kasuak KiVa programa martxan duten ikastoletan. “Datu pozgarria da, bai, baina zuhurtziaz ere jokatu behar da”. Zergatik? Batetik, eskola jazarpenaren datuak ikastoletan erdira jaitsi diren arren, oraindik %10en bueltan gabiltzalako. Beraz, lanketa handia dago egiteko oraindik. Bestetik, berriz, lehenbiziko urtearen balorazio bat da, baina ez ikasturte osoarena ere. Hurrengo inkestak ere kontuan hartu beharko ditugu. Baina abiapuntu moduan, pozteko datuak dira”, azaldu dute arduradunek. Hurrengo inkestan, ikasturte honen amaieran egingo denean, 11 ikastola gehiagoren datuak  ere sartuko dira, ikasturte honetan 63 ikastolatan ari baitira KiVa programa aurrera eramaten, 22.000 ikaslerekin.

Baina bi inkesta horiek eskuartean ditugula atera daitekeen ondorioa da, eskola jazarpenaren aurkako esku-hartzea egiten denean emaitzak lortzen direla. KiVak eskaintzen du programa egituratu sakon bat, prebentzio mailan lanketa handia egiten da, eta gatazka bat dagoenean esku-hartu egiten da. Eta programaren eragingarritasuna frogatua dago, Europan, Asian eta Ameriketan egin diren inplementazioetan.

KiVa programa ezarri zela ez da denbora asko igaro, baina aldaketa nabaritzen ari dira ikastolak, eta ez soilik inkestek emandako emaitzetan. Ikastolak oso pozik daude: prebentzio mailako neurriak dituztelako eta badakitelako zer egin, nola egin, eta noiz egin. Pausoak zehaztuta daude eta denek dakite denek gauza bera egiten dutela.  “Ikasleak beraiek esaten dute oso pozik daudela KiVarekin, baita inoiz jazarpena jasan duten ikasle askok ere. Programa honen bitartez, nolabait esan, ahaldundu egin dira eskola jazarpenaren aurka. Besteekiko existitzen direla sentitzen dute, eta esku-hartzen ari direla”.

Baztarrikak eta Laraudogoitiak azaldu dute ikasleei, bereziki LHko lehen hiru mailetakoei, asko atsegin dutela arauen sistema. Arau sinple batzuk jartzen dira gela bakoitzean, “gela honetan ez da jazarpenik onartuko”, “gela honetan denok bat gara” eta antzekoak dira. Arau horietatik kontratu bat sortzen da, eta ikasle guztiak konprometitzen dira hura betetzera. Irakasleen artean ere oso harrera ona izan du KiVak. Hasierako zalantzak, beraientzat ere berria zelako, uxatzen joan dira. KiVa ikastorduetan, irakasleak ikasleengandik informazio asko biltzen ari dira. “Ikasleak ireki egiten dira; egin behar dituzten ariketek hausnarketa sakona eskatzen dute, eta egin egiten dituzte”.

KiVa Taldearen funtzionamendua eraginkorra dela ere ikusi dute, eta funtzionamenduan ere fintzen ari dira. “Izan ere, zailtasuna dago batzuetan noiz den harreman arazo bat eta noiz dagoen bullying-a. Kasu batzuk oso argiak dira, baina beste batzuk lausoak. Hala ere, zalantzaren aurrean, esku-hartu egiten da. Esku-hartzea konpromiso bat hartzea delako. Batzuetan tutoreak egiten du Kiva Taldeak esku hartu beharrean. Oso argi ez dagoenean ere esku-hartu egiten da, gatazka bat badagoelako”.

ALDAKETA NABARMENA IKASTOLETAN

Ikastoletan aldaketa nabarmena eman da eskola jazarpenari aurrez aurre begiratzeko orduan. “Irakasleak, alde batetik, beste betaurreko batzuekin ikusten dugu gaia, formazioa jaso dugulako. Bestetik, ikasleen artean ere aldaketa handia ematen ari da. Hainbat kasutan lortzen ari gara eurak etortzea gatazka bat dagoenean, zuzenean irakasleengana, tutoreengana edo KiVa Taldekoengana joz, edo posta elektroniko bidez gatazkaren berri emanez. Hori da lortu nahi duguna, ikasleak aldatzea, eurek laguntzea eta ezin badute laguntza bila etortzea”.

Ikasleen artean figura berri bat ere sortu da, ikasle prosozialak deitzen direnak. “KiVa talde batek kasu batean esku-hartzen duenean, biktimaren konfiantzazko lagunengana jo eta haien inplikazioa, haien laguntza, eskatzen zaie. Eta erantzun ona izaten ari dira, ikasle horiek oso ondo sentitzen direlako laguntzen, eta erantzukizun handiz ari dira lanean”. Gurasoenganako irismena da gutxien garatu den puntua, baina horretan ere urratsak egin nahi dira. Izan ere, programa aurkezterakoan gurasoak pozik ageri dira, baina esku-hartzeak gertatu direnean eta bereziki jarrera jazartzailea izan duen haur baten guraso direnen erreakzioak ez dira aldatu. Gerora, esku-hartzea egin denean eta emaitzak lortu direnean, onartu dute programaren balioa. “Guraso guztiekin lan handia egiten ari gara, euren inplikazioa eskatzeko, guraso askok oraindik uste dutelako eskola jazarpena umeen kontuak direla, eta hori ez da horrela”.

DBHn EZARTZEKO BIDEAN

KiVa programa Lehen Hezkuntzari begira dago egina, baina ikastolen eskaera izan da egitasmoa DBHra ere hedatzea. Turkuko Unibertsitateak garatu du programa baina proba fasean dago. Halere, heldu den ikasturtean DBHn ere ezarriko da KiVa ikastoletan. Batetik, Finlandian Lehen Hezkuntza hemengo DBH1erartekoa delako, eta beraz, lehen mailarako materialak badaudelako. Aurten 30 ikastolatan esperimentatzen aritu dira DBH1en. Heldu den ikasturtean, berriz, ikastola guztietan egingo da DBH1en. Eta, bestetik, DBH 2 eta 3rako materialak ere prest egongo dira 2019ko urtarrilerako. “Akaso Haur Hezkuntzan ere  planteatu behar dugun erronka bat da, KiVaren ezarpena”, dio Laraudogoitiak.