EKI inklusibitateari begira

2018/05/23

Inklusibitateari begira diseinatu den EKI unitate didaktikoaren prototipoa aurkeztu du Ikastolen Elkarteak. Ikaskuntza Diseinu Unibertsalaren (DUA) printzipioetan oinarrituta inklusibitateari begira diseinatu den EKI unitate didaktikoaren prototipoa aurkeztu die, gaur, Ikastolen Elkarteak ikastolei.Ikastolen Elkartetik adimen aniztasunari erantzuteko material didaktikoan egin den lanaren emaitza da prototipo hori, aurrera begira landu nahi den ildoaren hasiera, hain zuzen ere. Hernaniko Orona Ideoko auditorioan aurkeztu da prototipoa, ehundik gora irakasle, orientatzaile eta arduradun pedagogikoren aurrean.

Inkluisibitatea jorratzen, ikasle aniztasunari erantzuten, “amets bat egia bihurtzen … bide luzea urrats txikiekin egiten”. Horrela aurkeztu dute egindako lana. “Orain arte, ikastoletan, beharren arabera egin izan dira egokitzapen puntualak ikasmaterialgintzan: Txanelarenak, Ostadarrenak, EKIrenak… Esku artean duguna Natur Zientzietako EKI unitate baten gaineko prototipoa da, IDU Ikaskuntza Diseinu Unibertsalaren marko teorikoan oinarritua, etorkizuneko bideari erreferentzia praktikoa eman diezaiokeena”, esan dute egileek.

2016-17. ikasturtearen  hasieran abiatu zen proiektua, duela bi urte, alegia. Talde lanaren emaitza izan da. Lehenbiziko aldiz, ikasmaterial sortzaileak eta orientatzaileak eskuz esku lanean aritu dira helburu berdinarekin. Lan taldean aritu dira orientatzaileak, ikasmaterialgintzaren arduradunak, irakasleak eta IKTetako adituak, prototipoa bera digitala baita. Pertsona hauek osatu dute lan taldea: Bego Goridillo, Leire Burdain, Josepo Teres, Petro Vera, Amaia Gutierrez, Maite Gomez, Josune Gereka, Loraine Lekuona, Manex Etxabe, Aritz Trueba, Neide Garmendia eta Manu Aurrekoetxeak.

Prototipoa Ikaskuntza Diseinu Unibertsalaren printzipioetan dago oinarritua. Alegia, eskaintzen du 1 askotariko errepresentazio moduak erabiltzea 2 egiteko eta adierazteko askotariko moduak erabiltzea eta 3 askotariko inplikazio moduak erabiltzea.

Prototiporako aukeratutako ikasgaia EKI proiektuaren DBH 2. mailako Natur Zientzietako 3. unitatea (Fisika eta Kimika) izan da. Batetik, ikasleentzako motibagarria izan zitekeelako aukeratu da, eta, bestetik, unitate arrunta egin zuen taldeko kideen osaketak (batzuk irakasle baitira) prototipoa ikasgelan bertan probatzeko aukera ahalbidetzen zuelako. Eginda zegoen unitate batetik egokitzapenak egin dira, aberastu egin da, ikaslearen zein irakaslearen ikuspegitik. Horretarako ikastolek erabiltzen dituzten Ikasgune eta Xtend plataforma erabili dira.

Irisgarritasuna aintzat hartuta aukera desberdinak ematen ditu: letra tamaina handitzeko aukera, bideotan azpitituluak jarri dira, bideoen abiadura bizkortu eta mantsotzeko aukera ematen du, testuak audio bihur daitezke.

Era berean, glosategi bat osatu da 110 hitzen azalpenarekin eta irudi eta deskripzioekin. Informazio testu guztiak, berriz, aberastu egin dituzte bideoekin, eskemekin… eta informazio testu horien bilduma automatikoa egin da.

Jarduerak ere mailakatu egin dira gaitasunak eta zailtasunak aintzat hartuta. Hiru maila jarri dira zailtasun edo gaitasun mailaren araberakoak. Hasiera fasea berdina da maila guztietan, baina garapen fasean daude maila desberdinak. Horretarako aukera desberdinak jarri dira: ereduak ematea, testuak erraztea, ariketak egiteko orduan baliabide desberdinak erabiltzeko aukera ematea (idatziz, audioak grabatuz, bideoak eginez…), ariketak egiteko estrategiak ematea…

Irakasleari bere egitekoan (azalpenak eman, ariketak aurkeztu, ebaluazioa egin…) baliabideak ere eskaintzen dizkio prototipoak.

Ikaskuntza Diseinu Unibertsalaren printzipioak

ASKOTARIKO ERREPRESENTAZIO MODUAK ERABILTZEA

  • Pertzepziorako aukerak ematea
  • Hizkuntza adierazpen, matematiko eta sinboloetarako askotariko aukerak ematea
  • Ulertzeko aukerak ematea

EGITEKO ETA ADIERAZTEKO MODU ANITZAK ERABILTZEA

  • Interakzio fisikorako aukerak ematea
  • Adierazteko eta komunikatzeko aukera desberdinak ematea
  • Funtzio exekutiborako aukerak ematea

ASKOTARIKO INPLIKAZIO MODUAK

  • Interesatzeko aukerak ematea
  • Esfortzua eta iraunkortasuna mantentzeko aukerak ematea
  • Autoerregulaziorako aukerak ematea

Gaurko saioa amaituta, bihar  Ikaskuntza Diseinu Unibertsalaren oinarrien azalpena eta hezkuntzari egiten dion ekarpena landuko dira, gaian aditua den Carmen Alba Pastor Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasle eta Unibertsitate horretako Inklusio, Diseinu Unibertsal, Kooperazio eta Teknologia ikerketa taldeko zuzendariaren eskutik.