Elkartasun ikastolak 2018

2018/12/6

Ia 900.000 euro banatu ditugu behar handiena duten ikastolen artean.

 

Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusia egin da Hernanin. Xede bakar bat zuten batzartutako kooperatibistek: premiarik handiena duten ikastolei laguntzea. 872.000 euro banatu dituzte eskaera egin duten ikastolen artean. Berriro ere agerian geratu da kooperatiben balio nagusietakoa: gizarte ekintzarena.

Sortze fasean, garapen fasean edota krisian den ikastolak aurrera egin dezan, gainerako ikastolek egiten dugun elkartasun adierazpena da Elkartasun Kutxa. Urtero, 800.000 eurotik gora jartzen dituzte ikastola guztiek, eta diru hori banatzen dute euren artetik gehien behar duten ikastolen artean. Horrela, euren kabuz aurrera egiterik izango ez zuketen, edo nekez egingo zuketen proiektuek, ikastola guztien bultzada jasotzen dute.

Kooperatiben balio nagusietakoa da gizarte ekimena, gizarte ekarpena. Ezaugarri hori ikastoletan txertaturik dago barreneraino, eta halaxe jarri da agerian, Hernaniko Orona Ideon, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak egin duen Batzar Nagusian. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek Elkartasun Ikastolei egindako ekarpen ekonomikoa beharrik handiena duten ikastolen artean banatu dute, beste behin ere. 1990.eko hamarkadan Elkartasun Kutxa sortu zuten xede horretarako; hamarkada honetan Europar Kooperatiba bilakatu zen, Elkartasun Ikastolak izena hartuz. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek osatzen dute, baita ere, Elkartasun Ikastolak.

Diru hori, noski, ez da ezerezetik atera. Aitzitik, ikastolen sareko 56.860 ikasleen gurasoek ordaintzen dituzten kuotetatik irten da, Elkartasun Ikastoletako lehendakari Koldo Tellituk azpimarratu duenez.

Elkartasun ekintza handia da, Tellituren arabera: “Elkartasun adierazpen handia da, bai; gurea proiektu nazionala delako, kooperatiba garelako, ikastola bakoitza ikastola mugimenduaren, Ikastola proiektuaren eta Ikastola ereduaren tokiko adierazpena delako”.

Ikastolek euren buruari eskaini zioten tresna eraginkor honen bitartez, hainbat proiektu aurrera atera dira, eta gaur egun proiektu sendo eta osasuntsuak dira. Horren azken adibidea da Harrobia ikastola. 2006an sortua, urteotan Elkartasun Ikastolen laguntza jaso du, eta gaur da eguna proiektu sendoa dena eta etorkizun handia duena Bilbon Lanbide Heziketa euskaldunaren erreferente izateko. Iazko batzarrean azkeneko aldiz eman zitzaion laguntza. Aurten, jada ez du beharrik, eta ikastola gehienak bezala, dirua jasotzera ez, dirua ematera joan da Batzar Nagusira.