Rally matematikoa

2022/05/18

Martxoan eta apirilean jokatu dira Frantziako rally matematikoa eta Espainiako Estatuko matematika lehiaketa. Hainbat ikastolak hartu dugu parte lehiaketa hauetan. Emaitzaren xerka ibili beharrean, ordea, horrelako ekimenek arloari lotutako aurre-iritziak gainditzeko ematen duten laguntzari eta matematikarako interesa duten ikasleentzat pizgarri izateari erreparatu diogu  berauetan parte hartzeko.

“Frantzia osoan urtero ospatzen den lehiaketa da Rallya. Geure kasuan Akitaniako Rallyean hartu dugu parte. Aurtengo ikasturtean, lehen aldiz, lehiaketa euskaraz egiteko aukera izan denez, Seaskako ikastolak bertan parte hartzera animatu ziren eta gonbidapena egin zieten Hegoaldean kokatutako ikastolei parte hartzeko. Martxoaren 14an, Pi egunean, egin zuten lehiaketa”, azaldu du Maite Gomezek Ikastolen Elkarteko bigarren hezkuntzako matematika arduraduna

Bernat Etxepare Lizeoko zuzendari Iban Thicoipek animatu zituen ikastolak parte hartzeraHorrela, honako hauek izan ziren, azkenean, parte hartu genuenak:

Bernat Etxepare Lizeoa (Baiona)

Xalbador Kolegioa (Kanbo)

Piarres Larzabal Kolegioa (Ziburu)

Estitxu Robles Kolegioa (Baiona)

Garcés de los Fayos ikastola (Tafalla)

Txintxirri ikastola (Elorrio)

Lautada ikastola (Agurain)

Salbatore Mitxelena ikastola (Zarautz)

Lehiaketaren oinarriak : “ 3. mailako (DBH3) eta 2. mailako (DBH 4) ikasleentzat antolatzen da. Taldeka egiteko proba da; gela osoak batera hartzen du parte. 12 enigma proposatzen dira, horietatik 7 aukeratu behar ditu talde bakoitzak. Enigma bakoitzak puntuazio bat du eta horietatik bat aukeratzen dute joker modura. Enigma hori ongi ebatziz gero, puntuazio bikoitza lortzen du taldeak. Enigmen izaera kontuan hartuta, lanak banatu, planifikatu, … behar dituzte ikasleek. Ordu eta erdi dute lanerako”.

Balorazio ona egiten dugu. Ikasleak oso gustura aritu dira rallyan, eta ikastolak Akitaniako beste ikastetxeen pare ibili dira. Gainera, proiektu nazional gisa lotu gaitzakeen ekimena izanik, positiboki baloratzen dugu lehen saiakera hau. Rally honi balioa ematen diogu ez delako buruz-buruko lehiaketa bat, baizik eta taldean egiten dutena. Halaber, balioa ematen diogu Matematika arloan horrelako ekimen gutxi sortzen direlako eta horiek diziplinari beste balio bat ematen diotelako, arloari lotutako aurre-iritziak gainditzen lagunduz.