Hezkuntza marko orokorra

2023/09/24

 

Pertsonan zentratutako hezkuntzara salto egitera doaz ikastolak, Hezkuntza Marko Orokor berriarekin. Azken hiru ikasturteotan landutako proposamena da, eta ikasturtearekin batera abiarazi dute. Gaur aurkeztu da, Vianako Kultur Etxean egin den 2023-24 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian. Ikasturtearen amaierari begira ere jarri dira, orduan egingo baita Ikastolen VII. Batzarra, hurrengo urteetan Ikastolen mugimenduak Euskal Herriko gizarteari egin behar dion ekarpena erabakitzeko.

Hezkuntza Marko Orokorrak, ekitaldian azpimarratu denez, “ikastolentzako zoru komuna izan nahi du, ikuspegi pedagogiko komun bat ikastola guztientzat”, gerora, ikastola bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta bere errealitatera egokituta berea garatu dezan. “Orain hasiko dugu, beraz, Marko Orokorraren zabalkundea eta ezarpena, eta horrek eskatuko digu aldaketa sakon batzuk egitea hainbat alorretan”.

Ikastolen Elkarteko lehendakari gisa ikastolen aurrean egindako lehenbiziko ekitaldia izan du gaurkoa Nekane Artolak, eta azaldu du ikasturte honetan bera eta Artezkaritza Kontseilu berritua “ilusioarekin batera, erantzukizunarekin eta ardurarekin” arituko direla: “Hezkuntza Sistema osatzen dugun erakundeen aniztasuna kontuan hartuz, baina gure izaera ardazten duten ezaugarriei jarraiki, Euskal Hezkuntza sistema hobeago eta aurrerakoiago bat osatzeko lan egingo dugu ikasturte honetan zehar”.

Ikasturte hasierako ekitaldian ikasturte amaierari begira ere jarri dira ikastolak. Izan ere, hurrengo udan ospatuko dute VII. Batzarra, Artolak esan duen moduan, ikastolak hurrengo urteetarako prestatzeko xedez, “biharko ikastolak” irudikatzeko xedez. “Ikastolen mugimendua osatzen dugunok gogoeta egin behar dugu XXI. mende honen hirugarren hamarkadako euskal gizartearen eskariez, eta haiei erantzuna ematen saiatu behar dugu; hots, Ikastolen mugimenduak Euskal Herriko gizarteari egin behar dion ekarpena erabaki behar dugu”, adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak.