Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabatekoa eta berdintasunezkoa izatea lortzeko. Aipatutako egunarekin lotuta, hainbat ekintza egin ditugu ikastolan. Ozen eta argi esan dugu #NoMoreMatildas

Emakumeek zientzia eta teknologia gaietan egin izan duten baina batez ere egiten duten lana balioan jarri eta bistaratzea izan dugu helburu nagusia. Zeintzu emakume zientzialari ezagutzen ditugu? Historian zehar euren arrastoa utzi dutenen biografiak irakurri eta ikastolako txikienek horma-irudiak egin dituzte. Ondoren, zientzialarien lanetan jarri dira esperimentoak eginez.

Nagusienak aldiz, solasaldi interesgarriak egin dituzte genero ikuspegiaz eztabaidatuz. Nobel sari kopurua, ikasketetako neska kopurua…Hauek, gaur egungo zientzialarien lana ikertu dute: Judith Jauregi, Ana Galarraga, Uxune Martinez, Marta Macho, Debora Garcia Bello…

Egunaren bukaeran, ikastolako emakume zientzialariek oparitxoa ere jaso dute, izan ere, ikastolan ditugun zientzialari guztiak emakumezkoak dira.

Esperimentaziotik praktikara! Bidea zabaltzen jarraitzen dugu!

“Matilda efektua”

Matilda efektua emakume zientzialarien lorpenak aitortzearen kontrako joera da, haien lana gizon lankideei egotziz. Margaret W. Rossiter ikertzaileak sortu zuen, Mateo efektuaren autoritate ezaren printzipioa genero ikuspegiarekin txertatuz eta emakume zientzialarien ikusezintasun historikoa salatuz.